Gizartea -
Eguraldia
Olatuen eta prezipitazioen abisu horiak asteazken goizean indargabetuko dituzte
Eguerditik aurrera, olatu handienen batezbesteko altuera 4,5 metrotik 3,5etik behera jaitsiko da, eta ez du euririk egingo; egunaren azken partean, baina, berriro bustiko du.
Agentziak | Erredakzioa
Azken orduetan indarrean izan diren olatuen eta prezipitazioen abisu horiak asteazken goizean indargabetuko ditu Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak. Hain zuzen ere, itsasaldeko arriskuagatik deitutako abisua (lehenengo bi milietako nabigaziorako) 12:00etan indargabetuko dute, eta Gipuzkoako prezipitazio iraunkorragatik deitutakoa, aldiz, 09:00etan.
Euskalmetek jakinarazi duenez, eguerditik aurrera, olatu handienen batezbesteko altuera 4,5 metrotik 3,5etik behera jaitsiko da. Halaber, euria berriro izango da protagonista lehen orduetan, eta gero ez dugu hizpide izango; egunaren amaieran, baina, berriro bustiko du, eta haizea berriro indartuko da.
Nafarroako iparraldean, isurialde atlantikoan, eguerdira arte izango da indarrean euriagatik deitutako abisu horiak, baina eguerdi partean indargabetuko dute.
Hala, Euskal Meteorologia Agentziak zehaztu duenez, asteazkenean euriak atsedenaldi txiki bat emango digu arratsaldean. Goizean, aldiz, zaparrada giroa gailenduko da, batez ere isurialde atlantikoan, eta ipar-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da kostaldean. Alabaina, goizak aurrera egin ahala, haizea ahuldu eta mendebal/hego-mendebaldera aldatuz joango da, eta, ondorioz, arratsalderako, oro har, atertuko du. Dena den, egoera honek ez du luze iraungo, eta gaualderako beste fronte bat iritsiko da eta euritara joko du. Haizea ere zakartuz joango da gauean. Tenperatura maximoak 10-15 ºC-koak izango dira.
Ostegunerako, zaparradak eta giro hotza. Beste fronte batek zaparrada giroa utziko du, eta tarteka mardul botako du, batez ere isurialde atlantikoan; bertan, arratsaldetik aurrera, ekaitzak jo eta txingorra ere egin lezake. Mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, tarteka oso gogor haizeguneetan, bereziki kostaldean. Tenperaturak behera egingo du, eta gehienez ere 10 ºC-ra iritsiko da barnealdean eta 12 ºC-ra kostaldean. Elur-maila 1.200 metro inguruan kokatuko da, baina baliteke arratsaldean 1.000 metro ingurura jaistea.
Ostiralean, negu itxurako giroa izango dugu. Zaparrada giroa nagusiko da berriro, eta ekaitza jo eta txingorra bota lezake tarteka, isurialde atlantikoan bereziki. Arratsaldean, atertzen joango da barnealdean, baina negu-itxura hartuko du eguraldiak. Zaparradak nonahi eta noiznahi botako ditu, eta ekaitza jo eta txingorra bota lezake zenbait lekutan, batez ere isurialde atlantikoan. Arratsalde partean, barnealdean aterruneak luzatuz joango diren bitartean, ipar-partean giro bustiak jarraituko du. Elurraren maila 1.000 metroren bueltan kokatuko da goizaldean, eta 1.200 metro ingurura igoko da gero. Ipar-mendebaldeko haize zakarra ibiliko da, bolada oso gogorrekin haizeguneetan. Tenperatura maximoak koska bat beherago geldituko dira. Nafarroan, Erriberan, haize zakarra ibiliko da.
BIDEOA | Elurra iritsi da Nafarroako Pirinioetara