Gizartea -
ALERTA LARANJA
Donostiako Paseo Berria itxi dute, olatu handiengatik
Donostiako Udalak ibilgailuentzako itxi du Paseo Berria, oraingoz, eta oinezkoentzat ere itxiko du gauerditik aurrera, Gipuzkoako kostalde guztirako olatu eta haize alerta laranja dagoelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Haize eta olatu indartsuengatik Gipuzkoako kostalderako ezarrita dagoen alerta laranja dela eta, Donostiako Paseo Berria itxita egongo da igande honetan, bai oinezkoentzat bai ibilgailuentzat. Ibilgailuentzat larunbat arratsaldean itxi dute jada, eta oinezkoentzat 24:00etan itxiko dute.
Udaleko Babes Zibiletik jakitera eman dutenez, hiriko parkeak ere itxita egongo dira.
Hala, astelehenean Paseo Berria eta parkeak aztertu ondoren, "normaltasunera" itzuliko direla espero du Udalak.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ezarrita zuen abisu horia alerta laranjara igotzen duela iragarri du larunbat honetan, igandean 120 kilometro orduko haize boladak izan daitezkeelako kostaldean, eta olatu handiak ondorioz. 03:00etatik eguerdira arteko tartea izango da arriskutsuena.