Gizartea -

Durangon

3.000 emakume ari dira parte hartzen Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan

'Salda badago' lelopean, 38 mahai-inguru, 70 tailer eta hainbat eztabaida eta ikuskizunez betetako egitarau zabala prestatu du mugimendu feministak. Jardunaldiok 'mugarri' izatea nahi dute.

3.000 emakumetik gora bildu dira Durangon. Argazkia: @SaldaBadagoV
3.000 emakumetik gora bildu dira V. Jardunaldi feministetan.
3.000 emakumetik gora bildu dira Durangon. Argazkia: @SaldaBadagoV

EITB.eUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

3.000 emakume, hiru egun, bost ardatz, 38 mahai-inguru, 70 tailer... Horiexek gaurtik igandera Durangon, Landako Gunean, egiten ari diren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen zenbakiak. Salda, egon, badagoelako (hori da, hain justu, hitzorduari jarri dioten leloa): badagoelako zer hausnartu, eztabaidatu, ospatu, eta zertan aurrera egin.

11 urte dira Euskal Herriko Mugimendu Feministak azken jardunaldiak antolatu zituena. 1.300 emakume batu ziren orduko hartan Portugaleten antolatutako zitan. Ordutik, feminismoak agendan sartzea lortu du, kaleak bere egin ditu, eta bi urtez, greba feminista arrakasta handiz egitea lortu du.

Dena dela, aurrera pauso horiek arriskua ere ekar dezaketela jakin badaki mugimendu feministak. Ainhoa Olaso antolatzaileetako batek ETB1eko "Egun On Euskadi" saioari eskainitako adierazpenetan ohartarazi zuenez, "badago arriskua gure diskurtsoa azalean utzi nahi izatea, edo merkantilizatzea. Zuriketa more horren aurrean, borroka deseroso eta errebeldea aldarrikatu nahi dugu guk".

Azken urteotan gertatutakoaren hausnarketa partekatua egiteko bilduko dira, bada, feministak, baita datozen urteetarako ildo nagusiak ezartzeko ere. Jardunaldiak bost ardatz edo lan ildoren baitan antolatu dituzte: mugimendu feministaren erraiak, bizitzak erdigunera eramateko agenda, indarkeria matxista, gorputzak eta dekolonialitatea, eta sexualitatea.

Amaia Zufia antolatzaileetako batek Euskadi Irratiari azaldu dionez, gaioi heltzeko eskaintza "zabal eta malgua" prestatu dute. "Egongo dira mahai-inguru edo ponentziak, baina baita honakoak ere: tailerrak, erakusketak, ikuskizunak, eztabaidak, hitzaldiak, gorputz mugimendurako espazioak, bazkari herrikoiak, gaueko kontzertuak...". Igandean, 16:30ean, "mobilizazio handi bat" egitea aurreikusi dute, itxiera ekitaldi batekin amaituko dena.

3.000 emakumetik gora biltzeak "kriston indarra" emango diela uste du Zufiak. Izan ere, jardunaldiak "aurrera begirako estrategia komunetan eztabaida eta adostasun batzuk topatzeko mugarria izatea" nahiko lukete, eta hori horrela, Durangora hurbiltzeko deia egin die herritarrei, "historikoa" izango da eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Nafarroa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Durango argazkiak Albisteak Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna