Gizartea -

Tiroketa

Ultraeskuineko militar ohi batek bi pertsona larri zauritu ditu Baionako meskitan

Erasotzailea, 84 urtekoa, meskitari su ematen saiatu da, eta, ondoren, tiro egin du bi pertsonaren aurka. Atxilotu egin dute.

80 urte inguruko militar ohi bat atxilotu dute tiroketaren harira. Argazkia: Franck Dolosor
80 urte inguruko militar ohi bat atxilotu dute tiroketaren harira. Argazkia: Franck Dolosor
84 urteko militar ohi batek tiroketa egin du Baionako meskitan

1:21

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

84 urteko militar ohi batek eraso egin dio astelehen honetan Baionako meskitari, eta bi pertsona larri zauritu ditu, tiroz. Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute.

Prefeturak azaldu duenez, erasoa 15:20an jazo da. Ordu horretan, gizon bat meskitari su ematen saiatu da, eta, ondoren, tiro egin du aurre egin dioten bi pertsonaren aurka.

Zaurituak, 74 eta 78 urteko bi gizon, Baionako Ospitalera eraman dituzte, larri.

Erasotzailea Claude Sinke da, 84 urteko militar ohia. Duela lau urte hautagai izan zen ultraeskuineko Fronte Nazionalarekin (gaur egun Batasun Nazionala dena), departamenduko hauteskundeetan. Erasoaren ostean, ihes egin du, baina etxean atxilotu dute, Landetan, Saint-Martin de Seignaux herrian.

Twitterren egindako adierazpenetan Marine Le Pen Batasun Nazionaleko buruak esan duenez, "erasoa gure mugimenduko balioen aurkakoa da".

Erasotzailea atxilotzeko, Segurtasun Indarrek lehergaietan adituak diren taldeak bidali behar izan dituzte, armak, granadak eta lehergaiak zituela ohartarazi baitie.

Erasoa egin duenean, hainbat fededun zeuden meskita barruan.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gaitzetsi egin du erasoa, eta Errepublikak ez duela inoiz gorrotoa onartuko nabarmendu du. "Behar beste egingo da egileak zigortzeko eta erlijio musulmaneko aberkideak babesteko. Promestu egiten dut", gaineratu du.

Christophe Castaner Barne ministroa, bere aldetik, suminduta agertu da, "elkartasuna eta babesa" agertu dio komunitate musulmanari, eta txalotu egin du Poliziaren "profesionaltasuna".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Atentatuak argazkiak Baiona Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa