Gizartea -

Violencia machista

Donostiako tatuatzailea aske utzi dute, epaileak auziaren ebazpena eman artean

Fiskaltzak eta akusazio partikularrek akusatua behin-behinean preso mantentzea eskatu zuten. Hamabi emakumeri sexu-abusuak egin izana egotzita epaitu dute gizona.

Akusatuak bionbo baten atzean babestuta deklaratu zuen epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE
Akusatuak bionbo baten atzean babestuta deklaratu zuen epaiketan.
Akusatuak bionbo baten atzean babestuta deklaratu zuen epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako tatuatzailearen auzia epaiaren zain geratu da eta behin betiko erabakia hartu bitartean epaileak akusatua aske uztea erabaki du.

Hamabi emakumeri sexu-abusuak egitea egotzita epaitu dute gizona. Eraso gehienak Donostian zeukan estudioan gertatu ziren. Joan den otsailaren 8tik behin-behineko espetxealdian egon da, baina atzo aske utzi zuten.   

Fiskaltzak 28 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat; defentsak, berriz, absoluzioa galdegin du.

Epaiketaren azken saioan, Fiskaltzak nahiz akusazio partikularrek gizona behin-behinean preso mantentzea eskatu zuten. Alabaina, epaileak aske uztea erabaki zuen.

EFE agentziak zabaldutako autoaren arabera, epaileak defentsaren argudioak bere egin ditu eta auzipetua jada urtebete eta zortzi hilabetez preso egon dela kontuan hartu du. Halaber, azkenean errugabetzat joko balute beretzako "ondorioak oso larriak" izango liratekeela esan du.

Epaileak erruduntzat jotzen badu, berriz, kartzelan igaro beharko duen denbora luzea izango dela ere aipatzen du autoak.   

Horrez gain, epaileak gogoratzen du behin-behineko espetxealdia kautelazko neurria dela eta ezin daitekeela aurretiazko zigor gisa erabili.   

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Sexu erasoak