Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Donostiako tatuatzaileak esan du ez duela erasorik egin eta guztia konspirazioa dela
Dozena bat emakumeri sexu-jazarpena eta gehiegikeriak egin izanaren akusazioa beste tatuatzaile baten konspirazioa dela azpimarratu du, negozioa "kendu" nahi ziolako.
agentziak | erredakzioa
Dozena bat emakumeri sexu-jazarpena eta gehiegikeriak egiteagatik auzipetu zuten gizonak ukatu egin ditu akusazio horiek, eta negozioa "kendu" nahi dion beste tatuatzaile baten konspirazioa dela esan du.
Auzipetuaren deklarazioa izan da epaiketaren azken egunean arreta-puntu nagusia. Donostiako 2. Zigor Epaitegian izan da azken saioa, eta Cristina Morcillo Buj defentsa abokatuak eskatu zuelako hitz egin du azken ahozko saioan.
Epaiketaren lehen bi saioak irailean izan ziren, eta biktimek eta lekukoek deklaratu zuten, baina azken saioa atzeratu egin behar izan zuten, biktima batzuk ezin izan zirelako bertaratu.
Gaur arteko saioetan, biktimek (gehienak bezeroak, baita tatuaje ikastaro bateko ikasle eta auzipetuaren lagun baten bikotekidea ere) 2013 eta 2018 artean izandako sexu- jazarpen-egoerak deskribatu zituzten.
Biktimek azaldu zutenez, lehenengo jazarpen-egoerak Bidebieta auzoan tatuatzaileak zuen etxean bizi izan zituzten. Bertan emaztearekin eta alabarekin bizi zen tatuatzailea, eta etxera eramaten zuen lana. Gerora, Alde Zaharrean jarri zuen estudioan sexu-gehiegikeriekin jarraitu zuela adierazi zuten.
Emakumeek jazarpena, sexu proposamenak, piropoak, ukimenduak eta mezuak jaso zituzten, eta horrek eragin omen zien jazarriak eta deseroso sentitzea. Gainera, horietako batzuek jakinarazi zuten gizonak eskutik heldu eta eskua zakilera eramanarazi ziela.
Epaiketaren amaieran, Fiskaltzak 21 urtetik 28 urtera igo du kartzela-zigor eskera. Bi biktimen abokatuek osatzen duten akusazio partikularrek ez dute eskaera eskatu, eta defentsak absoluzioaren alde egin du.