Gizartea -

Txostena

0-3 urteko umeen % 40 ez dira eskolara joaten EAEn

Save the Children erakundeak ohartarazi duenez, bereziki erdi mailako eta goi mailako klaseetako umeak joaten dira eskolara Haur Hezkuntzako ziklo horretan, familia behartsuetako umeak baino gehiago.

EAEn, 0-3 urte bitartekoen % 40 ez dira eskolara joaten. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
EAEn, 0-3 urte bitartekoen % 40 ez dira eskolara joaten. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
EAEn, 0-3 urte bitartekoen % 40 ez dira eskolara joaten. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Save the Children gobernuz kanpoko erakundearen txosten batek ondorioztatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko 0-3 urteko umeen % 40 ez dira eskolara joaten, Haur Hezkuntzako lehen zikloan. Erakundeak nabarmendu duenez, bereziki erdi mailako eta goi mailako klaseetako umeak joaten dira eskolara Haur Hezkuntzako ziklo horretan, familia behartsuetako umeak baino gehiago; hortaz, hainbat familia behartsuren umeek ezin dituzte baliatu lehen ziklo horrek ekartzen dituen onurak.

"Dena hasten den tokian. 0-3 urtekoen Haur Hezkuntza, aukerak berdintzeko" izeneko txostenarekin, Save the Childrenek ume ahulenek "Haur Hezkuntzako lehen zikloko plazetarako sarbidea berdintasunean izateko" pairatzen duten bazterketa nabarmendu du. Lehen ziklo horretan, eskolatzea bikoiztu egin da azken 15 urteotan (2002-03 ikasturtean % 25,6koa izan zen; 2016-17an, aldiz, % 52,8koa), baina erakundeak azpimarratu du adin horretako hamar umetik lau ez direla eskolara joaten (30.039 ume daude eskolatuta, eta 26.853 eskolatu gabe).

Save the Childrenen arabera, "batez ere ahulenei eragiten dieten gizarte-bereizketa eta errepikatzea eta eskola-porrota eta uztea murriztu eta saihesteko" gakoa da "ziklo horretarako sarbideko gizarte- eta lurralde-arrakalari amaiera ematea".

"Mekanismo orekatzailerik egon ezean, erdi mailako eta goi mailako klaseek erabiltzen dute Haur Hezkuntzako lehen zikloa, eta behartsuenak, alegia, horren eraginari etekin handiena aterako lioketenak, kanpoan geratzen dira", Sara Polo Euskadiko Save the Childreneko arduradunaren hitzetan.

Ziklo horretara joaten ez diren familien profila

Txostenak ziklo hori erabiltzen ez duten EAEko familien profila zehaztu du: atzerritar jatorrikoak, aita edo ama langabezian dute eta oinarrizko gabeziak pairatzen dituzte.

0-3 urteko Haur Hezkuntzara joaten diren umeak, aldiz, euskal jatorria duten familiakoak dira, ez dute oinarrizko gabeziarik, aitak edo amak (edo biek) lana dute, eta, gainera, horien ikasketa-maila derrigorrezko hezkuntzatik gorakoa da.

Save the Childrenen esanetan, lau oztopo-mota nagusi daude, egun, Estatuan, familiek 0-3 urte bitarteko ziklora parekotasuneko sarbidea izan dezaten. Erakundeak, lehenik, oztopo ekonomikoak aipatzen ditu; besteak beste, euren gain hartzerik ez duten kostuak, familia behartsuentzat txikiegiak diren laguntzak, edo plazen kopuru murriztua.

Bigarrenez, oztopo burokratikoak aipatu ditu, informaziozkoak eta komunikaziozkoak; hezkuntza-maila baxuagoa dutenak edo atzerritarrak direnak baztertzen ditu, prozesu burokratikoak korapilatsuak direlako, aholkularitzarik izan ezean.

Hirugarren oztopo moduan, Save the Childrenek aipatzen du eskolen antolamenduaren zurruntasuna. Eta, azkenik, erakundearen arabera, oztopo ideologiko-kulturalak daude; horiek ere mugatu edo zailtzen dute sarbidea.

Egoerari aurre egiteko neurriak

Hori ikusirik, Save the Childrenek hainbat neurri proposatzen ditu, "inor  ez geratzeko kanpo"; besteak beste, GKEak eskatzen die alderdi politiko guztiei legegile-aldaketa bultzatzeko hurrengo legealdian, aitortzeko ume guztiek dutela eskubidea Haur Hezkuntzako lehen ziklora joateko, eta bermatzeko ahulenek doako plazak izan ditzatela. Euskadin, euskal Hezkuntzaren Lege berriak jaso beharko luke eskubide hori, nabarmendu dute.

Horrez gain, beste neurri batzuk era proposatu ditu erakundeak: besteak beste, jaiotza-tasa handiagoa den eta ahultasun-egoera nabarmeneko ume gehien dauden guneetan eskaintza handitzeko auzoetako eta barrutietako plangintza-politika; Haurreskolen "0 tarifa"ren eragina gehien behar duten familiengan; eta eztabaida sustatzea, ea benetan behar dutenek aukerarik duten plaza publikoa izateko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Umeak azken ordukoa