Gizartea -

Ongi etorri errefuxiatuak

Euskal Herrian ekoitzitako armak Yemenen edo Sirian erabiltzen direla salatu dute

"Ehunka euskal enpresek haien ekoizpenaren osotasuna edo zati handi bat helburu militarretara bideratzen dute, besteak beste, Aernnova, ITP, Senner, Sapa, Dassault edota Turbomeca", salatu dute.

'Armen azoka' Bilbon. Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak
'Armen azoka' Bilbon. Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak
'Armen azoka' Bilbon. Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak urriaren 12ko 'desfile' propioa antolatu du, gerra Euskal Herrian hasten dela salatzeko. Horretarako, "Eusko Label armen merkatua" egin dute Bilbon, Euskal Herrian ekoitzitako armek "Yemen, Siria edo Palestinan heriotza eta suntsiketa sortzen" dutela salatzeko.

Najako geltoki aurrean, "Eusko Labeldun produktuen azoka bat aurkeztu dugu, baina ez soilik baratzeko produktuekin, baita armekin ere", azaldu dute ohar batean.

"Euskal Herrian armak ekoizten dira. Arma hauek gerrarako eginak dira, pertsonak hiltzeko, alegia. Egun, ehunka euskal enpresek haien ekoizpenaren osotasuna, edo, behintzat, parte handi bat, helburu militarretara bideratzen dute. Enpresa horien artean, besteak beste, Aernnova, ITP, Senner, Sapa, Dassault edota Turbomeca daude. Gainera, Euskal Herrian ez da ekoizpen soila burutzen, Bardeetako tiro-eremuan gerra entseguak ere egiten direlako", salatu dute.

"Hemen ekoizten diren armak, alde batetik, NATOk egiten dituen operazioetan erabiltzen dira, edota EBk dituen 'armada bakegileek' erabiltzen dituzte; eta bestetik, zuzenean gatazka egoeran dauden herrialdeetara esportatu egiten dira. Esaterako, Saudi Arabia, Turkia, Israel eta Egipto gisako herrialdeetara", erantsi dute.

"Hain zuzen ere, momentu honetan Turkiako Armada Siriako Kurdistan inbaditzen dagoela salatzen dugu, eta biztanleri zibila bonbardatzen hari dira Euskadin eta Espainian egindako armekin", gogorarazi dute.

Azkenik, "gerrateen kontra gaude, gerra guztien kontra. Gerra guztiak bidegabeak dira eta beti biztanleri zibilak sufritzen ditu. Horregatik, Pedro Sanchezen Gobernuari exijitzen diogu Turkiari egiten dioten armen salmenta gelditzea, eta Europar Batasuneko beste herrialdeekin batera, gerrarekin negozioa egiteari uztea, eta Turkiako Gobernuari exijitu behar diote Siriako Kurdistan inbaditzeari uztea", aldarrikatu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Gerra Siria Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Turkia Israel Palestina Egipto Errefuxiatuak GKEak Zer ari da gertatzen Sirian?