Gizartea -
Zibersegurtasuna
Kutxabankeko hainbat bezerok mezuak jaso dituzte 'phishing' saiakerekin
Finantza erakundeak azpimarratu duenez, ez da kaltedunik izan. Gogorarazi du Kutxabankek ez dituela inoiz sarbide-gakoak modu horretara eskatzen.
EITB.EUS
Kutxabankeko hainbat bezerok mezuak jaso dituzte azken asteotan phishing saiakerekin (datu pertsonalak lapurtzeko ofizialak bailiran bidalitako mezu faltsuak), baina zorionez inor ez da amarruan jausi, finantza erakundeko iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez.
Iraileko azken astean bidali dira mezuok. Horietan, bere kontua "blokeatuta" zegoela jakinarazten zitzaion bezeroari, eta hura desblokeatzeko argibideak jarraitu eta "sms kodea berresteko" eskatzen zitzaion mezuan ageri zen esteka baten bidez.
Kutxabankeko arduradunek azpimarratu dutenez, ez da kaltedunik izan. Halaber, gogorarazi dute finantza erakundeek ez dituztela inoiz sarbide-gakoak modu horretara eskatzen.
Gazteleraz idatzitako mezu hau jaso dute hainbat bezerok. Argazkia: EiTB
Maiz izaten dira finantza erakundeak phishing-a (euskaraz, arrantza) biktima. Iruzurgileek segurtasun alertak bidali ohi dituzte egiazkoak diruditen mezuen bidez. Normalean esteka bat izaten dute, eta hori sakatuta, erabiltzailearen sarbide-gakoak edo bestelako datu pertsonalak eskuratzen dituzte.
Halako mezurik jasoz gero, kasurik ez egitea eta berehalakoan ezabatzea gomendatzen da.
Kutxabankek honako aholkuak ematen ditu bere webgunean:
- Ez eman sarbide-gakoak edo telefono mugikorraren zenbakia telefonoz, salbu Telefono bidezko Kutxabanken sartzen zarenean, 901 33 55 66 zenbakiaren bitartez. Kutxabanken izenean zure gakoak, mugikorraren zenbakia edo beste edozein identifikazio eskatzen dizkizun webgunerik, mezu elektronikorik edo telefono deirik aurkitzekotan, nahiz eta bertan esan segurtasun arrazoiengatik edo sistemak balioztatzeko egiten dutela, ez zaitez fidatu eta jo guregana telefono-zenbaki honexetan.
- Era berean, ez duzu inoiz sartu behar gure zerbitzuan mezu elektronikoan sartutako esteken bidez (ikus 'phishing-a' atala). Sartu beti zerbitzuan www.kutxabank.es webgunetik.
- Halako ezaugarriak dituen mezu elektronikoa jaso duzulako susmoa baduzu edota identifikazio-daturen bat inori eman bezain laster, deitu ezazu lehenbailehen Kutxabank Telefonoz zerbitzura, 901 33 55 66 telefono zenbakira, zure kontratuetarako sarbidea eragotzi dezagun urrutiko edozein bitarteko erabilita ere.