Gizartea -
Dekretua
Jaurlaritzak ez ditu mugatuko aitatasun-laguntzak etxe-langilea izateagatik
Zirriborro batean, hori egiteko aukera izan zuten kontuan; baina, azkenean, urriaren amaieran onartuko duten dekretuak ez du muga hori jasoko.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak onartuko du, ziur aski urriaren 22an, sektore pribatuan amatasun- eta aitatasun-baimenak parekatzeko laguntzak; azkenean, dekretuak ez die mugarik jarriko etxe-langileren bat kontratatuta dutenei, zirriborro batean hori egiteko aukera kontuan izan bazuten ere. Hortaz, Jaurlaritzak bi gurasoentzako baimenak 16 asteetara luzatuko ditu.
Onda Vascari emandako elkarrizketa batean (Europa Pressek jaso du), Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorarazi du Jaurlaritzak ezin duela aitatasun-baimenik eman, horretarako eskumenik ez baitu; egingo duena izango da ordaindutako eszedentzietarako ekimenak ezartzea, umeak zaintzeko erantzunkidetasuna sustatzeko, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean aurrera egitea helburu.
Ildo horretan, Jaurlaritzak "aitzindariak diren neurri batzuk" ezarriko ditu, "batez ere ahalbidetzeko, haurtxoaren lehen egunetatik, aiten eta umedunak ez diren bikotekideen erantzunkidetasuna lantzea; xedea da adingabeen hazkuntzan onuragarria den lotura hori sortzea". Gobernu-bileran onartuko dute dekretua, urriaren 22an ala 29an (txosten juridiko batzuk amaitu behar dituzte, onartu ahal izateko, eta horren araberakoa izango da 22an ala 29an).
"Zirriborro batean"
Argitaratutako informazio batzuen arabera, laguntzak izateko ez zegoen kontratatzerik etxe-langilerik, ez eta umeak haurtzaindegian matrikulatzerik; Artolazabalen esanetan, aukera horiek "behin betikoa ez den zirriborro batean" zeuden, baina dekretua, oraindik, guztiz prestatu gabe dago.
Nolanahi ere, berretsi du laguntzak ez direla, berez, aitatasun-baimenak, ez eta "ordaindutako oporrak" ere, baizik eta ordaindutako borondatezko eszedentzia bat, "Gizarte Segurantzak emandako baimenak 16 asteetaraino osatzeko".
Sailburuak gogora ekarri duenez, egun, aitek eta bikotekide ez umedunek "zortzi asteko aitatasun-baimena dute onartuta. Laguntza hauekin, Eusko Jaurlaritzaren helburua da baimen horiek osatzea".
Artolazabalek onartu du mahai gainean jarri zela etxeko langileren bat kontratatuta zuten familiei laguntzak mugatzeko aukera; esan du, baina, "batzuetan zaila dela jakitea kontratatutako pertsona horrek etxeko lanak egin beharko dituen, ala adingabea zaintzea izango ote duen lan nagusi".
"Legea kontuan izanik, zaila"
"Hori zaila da, eta legea kontuan izanik korapilatsua; izan ere, epigrafeek ez dute argi uzten langile batek etxea ala umea zaintzen duen. Hortaz, helarazi dizkiguten txostenak aztertuta, hausnarketa egin dugu, eta ondorioztatu dugu komeni zela baldintza hori kentzea; ezinezkoa izan zitekeen jakitea kontratatutako pertsona horren lan nagusia zein dzen, eta Euskadiko familia askori kalte egin geniezaiekeen".
Hori dela eta, baldintza hori "azkenean, onartuko den dekretutik kenduko dugu"; baliteke, esan bezala, dekretua hilaren 22an onartzea.