Gizartea -
Buruko osasunaren mundu eguna
Suizidioa da 15-19 urte bitarteko gazteen bigarren heriotza kausa Nafarroan
Suizidioari aurrea hartu ahal zaiola nabarmendu du Nafarroako Gobernuak, eta hori izango dute mezu nagusi bihar, Buruko Osasunaren Nazioarteko Egunean.
Agentziak | Erredakzioa
Suizidioa da 15-19 urte bitarteko gazteen bigarren heriotza kausa Nafarroan, Foru Gobernuak jakinarazi duenez. Exekutiboak nabarmendu du suizidioa prebenitu daitekeela eta, hain justu, hori izango du mezu nagusi bihar, Buruko Osasunaren Nazioarteko Egunean.
2018an, 39 pertsonak egin zuten bere buruaz beste, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.
Osasun Departamentuak suizidioak prebenitzeko estrategia du abian, honako helburuokin: bere buruaz beste egiten duten pertsona kopurua murriztea, saiakeretan eskua hartzea, arrisku kasuak hobeto atzematea, eta biktimak eta euren familiak laguntzea. Programa horren baitan telefono bidezko laguntza zerbitzua dute. 2017ko azarotik 2018 amaierara 192 pertsona artatu zituzten, horietatik % 64,58 emakumezkoak ziren.
Begoña Flamarique Buruko Osasuneko gerenteak azaldu duenez, suizidioari aurrea hartu ahal zaio: "Badakigu zeintzuk diren funtzionatzen duten estrategiak. Egun seinalatuen karietara, suizidioaren estigmaren kontrako mezuak bota ditzakegu, bere buruaz beste egiteko zorian dauden pertsona horiek laguntza eskatu eta bakarrik ez daudela senti dezaten".
Flamariqueren hitzetan, garrantzitsua da "norbere buruaz beste egiteko metodoak ez kaleratzea eta eskuragarri ez izatea. Horrez gain, hedabideek ez dute suizidioa goraipatu behar, imitazio arriskua dagoelako".
Horrez gain, "buruko arazoak bereziki zaindu behar dira, hala nola depresioa edo alkoholismoa. Eskolan eta lan arloan buruko osasunari garrantzia ematen dioten programak bultzatu behar dira".
Buruko Osasuneko arduradunarentzat, gazteek egoeretara moldatzeko mekanismoak izan behar dituzte bizitzako erronkei, dela eskolan, unibertsitatean edo lanpostuan, aurre egin ahal izateko.