Gizartea -
Emakunde
Berdintasunerako Guneak 140 jarduera eskainiko ditu datozen hiru hilabeteetan
100 erakunde eta elkartek 140 jarduera antolatu dituzte Euskadiko herri eta hiriburu ezberdinetan astearte honetatik abenduaren 13ra bitartean.
Agentziak | Erredakzioa
Berdintasunerako XVI. Gunea abian izango da astearte honetatik abenduaren 13ra bitartean, 'Erabakitzen dudana izango naiz' lelopean, eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren inguruko ekintzak antolatuko dituzten 100 elkarte eta erakunderen indarrak batzea lortu du. Zehazki, 140 jarduera iragarri dituzte, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak koordinatuta, eta, azken urteetan bezala, gune ibiltaria erabiliko dute hainbat ekintzaren egoitza moduan.
Gunearen helburua hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartzea, ikusaraztea eta sendotzea da, astearte honetan Gasteizen egindako aurkezpenean Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogoratu duenez.
Berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatu eta gizartea sentsibilizatzea du helburu Emakundek, eta, horretarako, urtero jartzen du martxan Berdintasunerako Gunea. Hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikusarazi eta sendotzeko asmoz sortu zuen Emakundek 2004an Berdintasunerako Gunea. Azken edizioetan, ardatz edo gai nagusi bat izan du, eta antolatzen diren ekitaldi guztiek, esparru edo arlo batekoak edo beste batekoak izan, ardatz horrekin lotura izan behar dute.
Aurtengo leloa 'Erabakitzen dudana izango naiz' da, Emakundek jada martxoaren 8an erabilitakoa, eta emakumeen eta nesken ahalduntzea eta horien eskubideen defentsa du ardatz. Garapen Iraunkorrerako Helburuen 5. xedea gogoratzen da ekimen honekin: "Emakume eta nesken ahalduntzea eta genero berdintasuna".
Landaidak azaldu duenez, "zabaldu nahi dugun mezua da neska askok ahalduntzeko pausoak eman dituztela, prest daudela, inoiz baino kontzienteagoak direla beraien eskubideez, eta orain jendarteak beraien eskakizunei erantzun behar diela".
Berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatu eta gizartea sentsibilizatzea du helburu Emakundek. Argazkia: Irekia
Mezu hori ardatz hartuta, 100 erakunde eta elkartek 140 jarduera antolatu dituzte Euskadiko herri eta hiriburu ezberdinetan astearte honetatik abenduaren 13ra bitartean. Erakunde publikoak, enpresak, elkarteak, fundazioak edota sindikatuak daude antolatzaileen artean, eta askotariko ekintzak antolatu dituzte: hitzaldiak, mintegiak, erakusketak, mahai-inguruak edota solasaldiak.
Halaber, aurten ere, aurreko urteetako esperientzia ona ikusita, gune ibiltari bat erabiliko da hainbat ekintza hartzeko, baina beste hainbat egoitzatan ere antolatuko dituzte. Erakundeen ekintzak programatuta ez daudenean, eskoletako ikasle taldeekin eta bestelako taldeekin antolatu diren ekintzetarako sentsibilizaziorako ikasgela izango da gune ibiltaria. Berdintasunean adituak diren bi teknikari izango dira une oro bertan.