Gizartea -
Aurrekari polizialak
Getxoztar bat hil zuen taldeko kide bat preso dago abuztutik, beste delitu batengatik
Gaizkile-sare horretako kidea Castelloko kartzela batean dago. Ikertzaileen ustez, uztailean Pedrola inguruan egindako lapurretan parte hartu zuen. Beste ustezko gaizkile baten bila jarraitzen dute.
Agentziak | Erredakzioa
Getxoko (Bizkaia) auzokide bat hiltzeaz arduratzen den gazikile-sareko kideetako bat Castelloko kartzela batean dago abuztutik, beste delitu batzuk leporatuta. Hildakoa emakume batekin geratu zen Internet bidez, sexu-harremanak izateko asmoz, baina, egiatan, berari lapurtzeko tranpa bat zen.
Iturri juridikoek baieztatu dutenez, gaizkile-sare honek Pedrola inguruan (Zaragoza) egindako lehen lapurretan parte hartu zuen espetxean dagoen gizonezkoak. Uztailean, La Almunia de Doña Godina udalerriko bizilagun bat metodo berarekin engainatu zuten, eta biktima gogor kolpatu bazuten ere, bere bizitza salbatzea lortu zuen. Irailean, Tuterako (Nafarroa) bizilagun batek beste salaketa bat jarri zuen.
Getxoztarraren hilketaren ustezko egileak, eta, antza denez, aurretik Zaragozan metodo berarekin egindako beste bi erasoetan parte hartu zuten gaizkileak, larunbatean espetxeratu zituzten.
Ikertzaileen arabera, taldeak "muturreko indarkeria" erabiltzen zuen lapurretak egiteko eta biktimen kreditu-txartelen gakoak lortzeko. Internet bidez biktimak erakartzen zituen emakumeak ere erasoetan parte hartzen zuen.
Bitartean, gaizkile-sare horretako laugarren ustezko kide baten bila jarraitzen du Poliziak. Alabaina, oraindik ez dute argi zenbat gaizkilek parte hartu zuten getxoztarrari egindako lapurretan.
Izan ere, erasoa jazo zen lekutik gertu dauden hainbat kutxazain automatikoen kamerek oraindik identifikatu gabe dagoen susmagarria grabatu zuten, baina aurpegia bisera batekin ezkutatuta zeraman.