Gizartea -

Etxegabetzeak

Jaurlaritzak indarkeria matxistaren biktima bat etxegabetuko du Barakaldon

Argitan eta Berrio-Otxoak elkarteen iritzian, agerian geratu da Jaurlaritzak, Eudelek eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak etxegabetzeak ekiditeko egin zuten protokoloa eraginkorra ez dela.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeari laguntzeko Argitan elkarteak eta bazterketa sozialari aurre egiteko Berri-Otxoak plataformak salatu duenez, indarkeria matxistaren biktima bat etxegabetuko dute datozen egunetan Barakaldon, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta.

Emakumeak 6 eta 15 urteko bi seme dauzka. Alokairuzko etxe batean bizi dira, Santa Teresa-Bagatza auzoan. Udan kaleratu behar zuten, baina uztailaren 30ean egindako akordioari esker, bi hilabeteko luzamendua lortu zuen.  

Argitan eta Berrio-Otxoak elkarteek protesta egin dute Barakaldoko Udalaren Gizarte Ekintzarako bulegoaren aurrean. Etxegabetzeari aurre egiteko Udalak familiari inolako proposamenik egin ez diola salatu dute.

Halaber, indarkeria matxista jasan duen emakumea eta haren bi semeak etxetik botatzeko eskaeraren atzean Eusko Jaurlaritzaren menpeko Alokabide sozietate publikoa dagoela gogor kritikatu dute.

"Etxegabetzearen berri izan zuen egunetik bilera bat lortzen ahalegindu da, irtenbide bat bilatzeko asmoz, baina ez du agintarien deirik jaso eta ez dute batzarra egiteko datarik ezarri ere egin", azaldu dute.

"Gertatzen ari dena oso larria da, areago urte osoan zehar Barakaldo Udalaren gizarte baliabideetako arduradunekin edo Jaurlaritzaren Etxebizitza Zerbitzuarekin harremanetan jarri nahian ibili dela, bere egoera erregularizatu eta bere etxean bizitzen jarraitu ahal izateko", erantsi dute.  

Testuinguru honetan, kaltetuak Emakunderengana jo du, laguntza eta babesa eskatuz; izan ere, araudiak dio biztanleriaren sektore ahulenetako pertsonek neurri sozialak jasotzeko eskubidea dutela, "batez ere indarkeria matxistaren biktima izan direnean".   

Halaber, eta Arartekoaren gomendioa jarraituz, emakumeak gutuna igorri zion Etxebide sozietateari, 2018ko maiatzean, "baina oraindik ez diote erantzunik eman".

NBEren eta Estrasburgoren ebazpenak, urratuta

Bestalde, Argitan eta Berrio-Otxoak elkarteek gogora ekarri dute Barakaldoko Udal Gobernua nahiz Eusko Jaurlaritza etxegabetzeen inguruan Nazio Batuen Erakundeak nahiz Giza Eskubideen Europa Auzitegiak emandako ebazpenak urratzen ari direla.

NBEren arabera, bizitzeko beste toki bat eskaini behar zaie baliabide ekonomiko nahikorik ez duten etxegabetutako familiei. Estrasburgoren epaia ere ildo beretik doa: “Bazterketa egoeran eta situazio ekonomiko txarrean dagoen familia etxegabetuari beste alojamendu bat eta zerbitzu sozialak eskaini behar zaizkio”.   

Gauzak horrela, bi elkarteek azpimarratu dute etxegabetzeei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak egindako protokoloa "paper errea" dela. Ituna 2013koa da eta joan den otsailean berritu zuten.

Akordio horren arabera, gizartek zerbitzuek "berehalako premiazko erantzuna" eta beste alojamendu bat lortzeko bermeak eman behar dizkio kaleratzeko arriskuan dagoen eta baliabide ekonomikorik ez duen familiari.  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Barakaldo Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa NBE Kaleratzeak Gizartea Sexu-abusuen biktimak gaur Eguneko albisteak Albisteak EUDEL Estrasburgoko Auzitegia epaiketak Etxebizitzen merkatua