Gizartea -
indarkeria matxista
Kote Cabezudoren kontrako bigarren epaiketa otsailean izango da
Kontratuak faltsutzeagatik eta epaiketa batean agiri faltsua erabiltzeagatik epaituko dute. Fiskaltzak zortzi hilabeteko zigorra eskatuko du; akusazio partikularrak, lau urtekoa.
Agentziak | Erredakzioa
Kote Cabezudo argazkilari donostiarra bigarrenez jesarri beharko da akusatuen aulkian. Zehazki, kontratuak faltsutzea eta epaiketa batean agiri faltsu bat erabiltzea egotzita epaituko dute bigarren epaiketa horretan. Guztira, 47 delitu ustez egiteagatik auzipetu dute Cabezudo, tartean 21 emakumeri egindako erasoengatik.
Auziaren gertuko iturriek EFE albiste-agentziari jakinarazi diotenez, Fiskaltzak zortzi hilabeteko kartzela-zigorra eskatuko du Cabezudorentzat; akusazio partikularrak, lau urtekoa.
Uztailean epaitu zuten lehenengoz argazkilaria, baita zigortu ere. Bi urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten Justiziari oztopo egiteagatik eta biktima bati mehatxu egiteagatik.
2018ko ekainetik dago preso Cabezudo, behin-behineko kartzelaldian. Kausa nagusiaz gain, horretatik berezitako hainbat atal daude Cabezudoren kontra. Horietako baten, Fiskaltzak bederatzi hilabeteko zigorra eskatzen du froga gisa erabili behar ziren irudi batzuk ezabatzeagatik. Beste batean, bederatzi hilabeteko beste eskaera bati egin beharko dio aurre, biktima baten "irudi guztiak" ezabatzeko aginduaren aurrean entzungor egiteagatik.