Gizartea -
Sinodoa
Amazoniako suteen atzean 'kolonialismoa' dagoela iradoki du aita santuak
"Jainkoak kolonialismo berriez babes gaitzala. Interes zehatz batzuen mesedetan suntsitzen duen sua ez da ebanjelioa, duela gutxi Amazonia kiskali zuena, esaterako", azpimarratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Amazonian Elizaren bideak "berritzea" eskatu du Frantzisko aita santuak, "misioaren sua" ez itzaltzeko, baina "kolonialismotik" urrun, "orain dela gutxi interesok Amazonia kiskali zutelako".
Amazoniarentzako Sinodoari hasiera emateko mezan egin ditu adierazpenak pontifizeak. Sinodoak 180 gotzain baino gehiago Vatikanoan bilduko ditu urrian.
"Ebanjelizazioaren ordez zenbat aldiz egin izan da kolonizazioa? Jainkoak kolonialismo berriez babes gaitzala. Interes zehatz batzuen mesedetan suntsitzen duen sua ez da ebanjelioa, duela gutxi Amazonia kiskali zuena, esaterako", gogorarazi du.
Horregatik, igande honetan hasten den Sinodoan, "Amazonian Elizaren bideak berritzea eta misioaren sua ez itzaltzea" eskatu du aita santuak.
Botoa emateko eskubiderik gabe
Amazoniako Sinodoa urriaren 27ra arte luzatuko da Vatikanoan, eta mundu osoko 184 gotzainez gain, 35 emakume adituk hartuko dute parte, gotzainen bilera batean sekula izan den kopururik handiena, baina ez dute botoa emateko eskubiderik izango.
Bileraren amaieran, gotzainek aita santuari testu bat entregatuko diote, hark azter dezan. Batzarra 'Amazonia: Elizarentzako eta Ekologiarentzako bide berria' lelopean egiten ari dira.
Nahiz eta emakumeek agiria bozkatzeko eskubiderik ez izan, idazkaritza nagusiaren aholkulari gisa arituko diren lehen aldia izango da, baita aditu eta auditore bezala ere.
Hain zuzen ere, emakumeak Eliza katolikoan izan beharreko papera Sinodoaren mahai gainean egongo da: Amazoniaren urrutiko txokoetan adineko gizon ezkonduak apaiz ordenatzeko proposamena, besteak beste.