Gizartea -
Gurasotasun baimena
Gurasotasun baimena dutenek ezingo dute umea haurtzaindegira eraman
Eusko Jaurlaritzak urriaren erdialderako onartuko du guraso guztiek 16 asteko baimena eduki ahal izateko neurria, baina muga batzuk edukiko ditu.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak aita-amentzako 16 asteko gurasotasun baimena onartuko du urriaren erdialderako, eta hainbat muga izango ditu neurriak, hala nola etxean zaintzailea kontratatuta dutenek edota seme-alabak haur eskola edo haurtzaindegira eramaten dutenek ezingo dutela baimena hartu.
Jaurlaritzaren esanetan, erantzunkidetasuna eta haurrekiko harremana estutzea ditu helburu baimenak, eta kasu horietan ez litzateke halakorik indartuko.
Dekretua urriaren erdialdean onartu nahi du Jaurlaritzak, baina testuak Euskadiko Batzorde Juridikoaren onespena behar du oraindik. Argitu beharreko zalantzen artean, muga hori etxea garbitzeko norbait kontratatuta dutenei ipiniko ote zaien.
Edonola ere, irailaren 1etik langile publikoek egin dezaketen moduan, hemendik gutxira enpresa pribatuetako langileek ere hartu ahal izango dute 16 asteko gurasotasun baimena. Horietako zortzi Gizarte Segurantzak ordainduko ditu, langileak eszedentzia eskatu beharko du beste zortziak hartu ahal izateko, eta ondoren jasoko du soldata osoa berdinduko duen laguntza.
Haurtzaindegiari buruzko baldintza ez da jasoko euskal funtzionarioen kasuan, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Politika Sozialeko sailburuak baieztatu duenez.
Gainera, Jaurlaritzak jakinarazi du zirriborro hori aldatu egin dezaketela dekretua behin betiko onartu aurretik. Litekeena da hile hontan bertan onartzea.