Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Donostian emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita
Erasoa irailaren 19an gertatu zen. Astearte eguerdian elkarretaratzea egingo dute, eta Udalak bertan parte hartzeko deia egin du.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Donostian emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Erasoa hilaren 19an gertatu zen eta emakumeak gaur jarri du salaketa.
Segurtasun Sailak ez du xehetasun gehiagorik eman eraso horren harira.
Donostiako Udalak "erabat" gaitzetsi du erasoa, udal-talde guztiek sinatutako erakunde-adierazpen baten bidez.
Udalak elkarretaratzea deitu du, gertaturikoa arbuiatzeko, astearte eguerdirako, Alderdi Ederren; herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera horretan eta antolatuko diren salaketa-ekitaldi guztietan.
Donostian izandako "indarkeria matxistako beste kasu hau" deitoratu du Udalak, eta biktimari elkartasuna agertu dio; haren esku jarri ditu "arreta-zerbitzuak eta babes juridikoa, soziala eta psikologikoa, behar duen laguntza guztiaz gain".
"Eraso mota hauek indarkeria matxistaren eta gure gizartean oraindik nagusi diren desberdintasunen jarreren adierazpen arbuiagarriena da", salatu du Udalak; taldeen iritziz, beharrezkoa da lanean jarraitzea "balioetan hazten, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean", eta berrestea "egunero jardun behar dugula horrelako jarrerak sortzen dituzten eragileen aurka".