Gizartea -

Euskaltzaleen Topagunea

Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari berria

Amonarrizek Elena Laka ordezkatuko du karguan. Topaguneko lehendakari berriak euskaltzaleen mugimenduko kideek emandako konfiantza eskertu du.

Kike Amonarriz ETBko 'Ahoz aho' saioan. Artxiboko irudia
Kike Amonarriz ETBko 'Ahoz aho' saioan.
Kike Amonarriz ETBko 'Ahoz aho' saioan. Artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kike Amonarriz izango da aurrerantzean Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. Bazkideek ezohiko batzar nagusia egin dute ostiral honetan, Andoainen, eta aho batez hartu dute erabakia. Horrenbestez, 2014tik karguan izan den Elena Laka ordezkatuko du Amonarrizek.

Topaguneko lehendakari berriak emandako konfiantza eskertu die euskaltzaleen mugimenduko kideei. Batzarrean Euskaltzaleen Topaguneko bazkideek datozen urtetarako lan ildo nagusiak zehazteko tartea ere egon da.

Amonarriz aspaldi da euskaltzaleen mugimenduko kide. Topagunearen sorreran parte hartu zuen, eta gerora ere lotura estua izan du federazioarekin. Gaur egun Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldeko lehendakari ere bada. Topagunearen 22 urteko historian izan diren lehendakarien ekarpena gogora ekarriz, kargua "ilusioz eta erantzukizunez" hartu duela azpimarratu du.

Bost helburu nagusi zehaztu ditu bere kargu hartze ekitaldian lehendakari berriak. Alde batetik, euskaltzaleen mugimendua "salto kualitatibo berri bat emateko prestatzea", kide diren elkarteak indartu eta elkarte berrien sorrera bultzatuz. Horretarako, bere iritziz, "funtsezkoak izango dira antolaketa eredu berri eta malguen alde egitea, aktibazio soziala bultzatu eta boluntarioen partaidetza areagotzea eta euskaltzaleen mugimenduak presentzia urriagoa duen guneetara heltzea".

Halaber, euskara "bizitza sozio-politikoaren erdigunera" eramateko herri akordioak bultzatuko dituela iragarri du. Gainera, Euskaraldiaren hurrengo edizioetan euskararen normalizazioan eragiteko erronka eta aukera berriak lantzeko helburua aipatu du, era guztietako entitateetan eraginez eta euskararen erabilera zabaltzeko urrats praktikoak proposatuz.

Euskararen erabilera bultzatzea, euskararen normalizaziorako giltzarri diren lan munduan eta aisialdian eraginez, eta euskalgintza indartu eta Kontseilutik adostasun sozio-politikoak bultzatzea dira Amonarrizek azaldu dituen beste bi xede.

Horiez gain, Euskaltzaleen Topaguneak azken urteotan indartu dituen eremuetan sakondu eta mugimenduaren eragina handitzen jarraitzea ere markatu du Amonarrizek hurrengo urteetarako erronka modura, hau da, hizkuntza eta kultur aniztasunean, aisialdian, kulturgintzan, mintzapraktikatan, sentsibilizazio ekintzetan eta gogoetan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Kike Amonarriz argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskaraldia abestia 2025