Gizartea -

IPAR EUSKAL HERRIA

Gorostiaga: 'Mende erdia igaro arren, hau hasi besterik ez da egin'

Iragana gogoratuz, etorkizunean begirada jarrita ospatuko dute gaur ikastolen mende erdiko ibilbidea Bernat Etxepare Lizeoan. Paristik datorren 'kontrako haizeak' ez dituela kikilduko diote.

Ipar Euskal Herriko ikastolen hainbat eragile omendu dituzte Baionan. Argazkia: Esukadi Irratia.
Seaskaren ekitaldia, Baionan
Ipar Euskal Herriko ikastolen hainbat eragile omendu dituzte Baionan. Argazkia: Esukadi Irratia.

Idoia Alberdi Etxaniz | EiTB.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

50 urte bete dira aurten Ipar Euskal Herrian lehendabiziko ikastola abian jarri zutenetik. Ordutik, hamaika oztopori aurre eginez, bide emankorra egin eta proiektu sendo bat harilkatu dute.

4.000 ikasle baino gehiago, 450 profesional eta ehunka guraso batzen dira 37 ikastolak osatzen duten komunitatearen jiran. Horietako asko eta asko gaur, irailak 28, Baionako Bernat Etxepare lizeoan elkartuko dira, ikasturteari hasiera ofiziala emateko eta mende erdia bete dutela ospatzeko, 'Etorkizunerantz hezkuntza eraldatzen' goiburupean. Nola ez, tartean izango da Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria.

Bidea ez dela erraza izan aitortuta, "itxaropentsu" begiratzen dio etorkizunari Gorostiagak, Parisek jarritako zangotrabak "asko eta handiak" diren arren. Maila guztietan, Lehen Hezkuntzatik hasi eta lizeoraino, "geroz eta ikasle gehiago" dituztela nabarmendu du, eta horrek "indar eta hauspo handia" ematen die aurrera egiteko. Horrez gain, eskola elebidun publiko eta pribatuetan "murgiltzearen aldeko esperimentazioak garatzen" ari direla gaineratu du, eta hori ere "euskararentzat urrats biziki garrantzitsutzat" jo du, nahiz eta hastapenetan diren. Alta, Paristik dator "kontrako haizea", batzuei eta besteei "behin eta berriz oztopoak" jarrita, Gorostiagaren hitzetan. Horregatik, "elkarlanaren premia" nabarmendu du, "gizarte elebakarrera kondenatu nahi gaituen Gobernuaren parean".

"Frantziari herri gisa erantzuteko ahalmena" duten bitartean, "borrokarako kemenari eutsi" egingo diotela ziurtatu du Seaskako zuzendariak

Irakasle kopuruaren inguruko aldarria zabaltzeko ere aprobetxatuko dute gaurko festa. 30,5 irakasle gehiago eskatu zizkion Seaskak Frantziako Gobernuari, ikasturte honetako beharrei erantzun ahal izateko. Hasiera batean, bi baino ez zizkien eskaini Hezkuntza Ministerioak, eta horrek mobilizazio-soka luzea ekarri zuen. Milaka herritar atera ziren kalera, Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko ikastolentzako irakasle gehiago eskatzera, eta, azkenean, erdibideko akordio bat adostu zuten aldeek: 19,5 irakasle gehiago aitortu zizkion Parisek Seaskari. Gorostiagak zehaztu duenez, "gainerako 11 postuak gure sakelatik ordaindu beharko ditugu". "Ia aldi berean, dozena bat ikastolatan eraikin prefabrikatuak gehitu edo handitze lanak egin behar izan ditugu, ikasle kopuruari aitzin egiteko. Beharrak izugarriak dira arlo guztietan, baina emaitza ikusirik, merezi du", azpimarratu du.

"Herriaren eta herritarren sostenguak" ematen die arnasa eta kemena. "Frantziari herri gisa erantzuteko ahalmena" duten bitartean, "borrokarako kemenari eutsi" egingo diotela ziurtatu du. "Helburua argi dugu eta badakigu ez gaudela bakarrik. Euskal Herri osoko herritarrek elkartasun uholdea eskaintzen digute urtero Herri Urratsen edo Frantziak egoera tinkatzen duen momentuetan. Ikastolen Elkarteak ere laguntza handia ematen digu eta Euskal Herri osoko erakundeak gure ondoan ditugu", esan du.

Asko egin den arren, "egiteko asko" dagoela aitortu du Seaskako buruak, eta aurrera begirako erronkei heltzeko gogotsu agertu da, "hau hasi besterik ez da egin" esanez.

10:00etan abiatuko da gaurko egitaraua, harrera ekitaldiarekin, eta lizeoaren eraikin berria ofizialki inauguratzeko ere aprobetxatuko dute hitzordua. Halaber, mende erdiko bidean eragile izan diren hainbat kide omenduko dituzte.

Erakunde eta elkarteetako ordezkaritza zabala ere izango da Lapurdiko hiriburuan: bertan izango dira, besteak beste, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria, Beñat Arrabit Euskal Elkargoko lehendakariordea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Jean Rene Etxegarai Baionako alkatea eta Euskal Elkargoko presidentea,  eta Alain Rousset Akitania Berriko lehendakaria.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Iparraldea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Iparraldearen Orena Hezkuntzako albisteak 2024