Gizartea -
Klima larrialdia
Airearen kutsadura kontrolatzeko 57 neurriko plana onartu du Espainiako Gobernuak
Ministroen Kontseiluak Airearen Kutsadura Kontrolatzeko Programa onartu du gaur.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Airearen Kutsadura Kontrolatzeko Programa onartu du gaur, nazioartean klimaren aldeko greba egiten ari den egunean. Guztira, 57 neurri dira.
Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak azaldu duenez, egitasmoari esker Europar Batasunak kutsaduraren alorrean ezarritako betebeharrak bete ahalko ditu Espainiak.
Batetik, emisioak kontrolatu eta isurketa horiek ekosistemetan duten eragina neurtu ahalko dute. Bestetik, osasunari eragindako kalteari erreparatuko diote. Izan ere, gogorarazi duenez, airearen kutsadura heriotza arrisku-faktoreen artean laugarrena da, eta Carlos III. Osasun Institutuaren arabera, Espainiako Estatuan 93.000 pertsonaren heriotza goiztiarra eragiten du.
Riberak azaldu duenez, hainbat sektorek eragindako kutsadura neurtu eta kontrolatuko dute, hala nola, nekazaritza, abeltzaintza, mugikortasuna edota argindar sektorea.