Gizartea -

Saria

Greta Thunbergek eta Aminetu Haidarrek irabazi dute Nobel Alternatiboa

Ingurumen-ekintzaile suediarrari eta "Gandhi sahararra" ezizena duenari golardoa eman diete; Davi Kopenawa lider indigena yanomamia eta Guo Jianmei abokatu txinatarra ere saritu dituzte.

Greta Thunberg ekintzaileak Nobel Alternatiboa irabazi du. Argazkia: EFE.
Greta Thunberg ekintzaileak Nobel Alternatiboa irabazi du. Argazkia: EFE.
Greta Thunberg ekintzaileak Nobel Alternatiboa irabazi du. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greta Thunberg 16 urteko ingurumen-ekintzaile suediarrak eta "Gandhi sahararra" ezizenaz ezagutzen duten Aminetu Haidarrek irabazi dute aurten Nobel Alternatiboa, Right Livelihood Award fundazioak asteazken honetan zabaldu duenez.

Epaimahaiaren arabera, Thunbergek "faktu zientifikoak islatzen dituen ekintza klimatiko baten aldeko eskakizun politikoak inspiratu eta anplifikatu ditu"; Haidarrek, bere aldetik, hiru hamarkada daramatza indarkeriazkoa ez den borroka batean, justiziaren eta bere herriaren autodeterminazioaren alde.

Nobel Alternatiboaren berri Stockholmen ematen dute jakitera, eta sarituek milioi bat koroa suediar jasotzen dute (hau da, 103.000 dolar). Aurten, aipatutakoez gain, Davi Kopenawa lider indigena yanomamia (brasildarra da) eta Guo Jianmei abokatu txinatarra ere saritu dituzte.

Thunberg, gazteen belaunaldi baten ahots "indartsua"; Haidarrek, "indarkeriazkoa ez den ekintza sendoa"

Epaimahaiak gogora ekarri duenez, Thunberg gazteen belaunaldi baten ahots "indartsua" da, eta "Fridays For Future" (Etorkizunaren aldeko Ostiralak) mugimendua sustatu du. Mugimendu horren oinarria Thunbergek berak duela urtebete Suediako Parlamentuaren aurrean abiatutako eskola-greba da.

Nerabe suediarra munduko hainbat liderrekin bildu da, eta zenbait goi-bileratan hartu du parte. Astelehenean, esate baterako, Nazio Batuen Erakundearen egoitzan izan zen, Ekintza Klimatikoaren Goi Bileran, eta, bertan, krisi klimatikoaren aurka borrokatzeko ez direla nahikoa egiten ari esan zien estatuburu eta gobernuburuei.

"Gandhi sahararra" ezizenaz ezagutzen den ekintzaileari dagokionez, "indarkeriazkoa ez den haren ekintza sendoa, espetxea eta tortura pairatuta ere, justiziaren eta haren herriaren autodeterminazioaren alde" egin duela azaldu du epaimahaiak, eta Haidarren duintasuna eta borondatea azpimarratu ditu.

CODESA Giza Eskubideen Defendatzaile Sahararren Kolektiboaren sortzaile eta presidentea da Haidar. 2009an egin zen ezagun, hilabete bateko gose-greba egin zuenean Lanzaroten, Aaiundik (Mendebaldeko Sahara) kanporatu zutelako eta Marokok pasaportea kendu ziolako.

Kopenawa eta Guo Jianmei ere saritu dituzte

Kopenawa eta Hutara Yanomami elkarteari emandako golardoaren bidez, Amazonasko basoak eta biodibertsitatea eta herri indigenen lurrak eta kultura babesteko egin duen borroka "ausarta" nabarmendu nahi izan dute.

Guo Jianmei abokatua Txinako entzutetsuena da giza eskubideen arloan, eta herrialde horretako emakumeen alde egin duen lan "aitzindari eta etengabeagatik" saritu dute.

Right Livelihhod Award izeneko golardoa, bizimodu zuzena saritzen duena, 1980an hasi ziren ematen. Jakob von Uexkull suediar-alemaniar idazle eta eurodiputatu ohiak sortu zuen, mundu osoko pertsona eta erakundeek gizartearen alde egindako lana aitortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nobel sariak 2024 Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena azken ordukoa Gazteak Larrialdi klimatikoa