Gizartea -
Migrazio krisia
Alemaniak, Frantziak, Italiak eta Maltak migrazioa kudeatzeko akordioa lortu dute
EBko estatu guztiek izango dute akordioa eztabaidagai urriaren 8an. Sinatzaileen ustez "Europa mailako erantzuna emateko lehenengo urrats zehatza" da.
agentziak | erredakzioa
Alemaniako, Frantziako, Italiako eta Maltako Barne ministroek akordioa adostu dute gaur Mediterraneoko migrazio fluxuak kudeatzeko, eta itun hori Europar Batasuneko estatu kideei helarazi eta horiekin eztabaidatuko dute Luxenburgon, urriaren 8an.
Horixe jakinarazi du Micheal Farrugia Maltako Barne ministroak Valleta hiriburuan egin duten bileraren ostean emandako prentsaurrekoan. EBko Presidentetza duen Finlandiako ordezkaria eta Dimitris Avramopulos Europako Immigrazio komisarioa ere zeuden bertan.
Farrugiak azaldu duenez, lau herrialdeek akordioa itxi eta dokumentu batean jaso dute, eta estatu kideei helaraziko diete argitara eman aurretik.
Avramopulosen iritzian, Europako migrazioaren kudeaketak komuna behar du izan, eta, hori dela eta, "elkartasun" mekanismoak ezartzeko eta Mediterraneotik migratzaileak jasotzen dituzten estatuei presioa arintzeko eskatu die estatu guztiei.
"Irtenbide bakarra da epe ertainera", adierazi du ordezkari greziarrak, eta EBren koordinaziopean eta estatuen artean egiten diren unean uneko akordioak "ez dira iraunkorrak", gaineratu du.
Italiako Gobernua Luciana Lamorgese Barne ministro berriak ordezkatu du, Matteo Salvini ultraeskuindarraren ordez. Horren esanetan, "Maltara edo Italiara iristen direnak Europara iristen dira", eta, beraz, "Europako estatu guztiek hartu behar dute ardura bere gain, ez estatu batzuek bakarrik".
Horren harira, sinatzaileen ustez, honakoa "Europa mailako erantzuna emateko lehenengo urrats zehatza izan da".