Gizartea -

Migrazioa

'Ocean Viking' ontziko 182 migratzaileak Sizilian lehorreratu dira

SOS Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEak dira ontziaren jabeak. Messinan porturatu da, eta ez du izango baldintzarik barruan dauden pertsonak beste herrialde batzuetan kokatzeko.

Siziliako agenteak, 'Ocean Viking' ontzian zeuden pertsonak noiz irtengo zain Argazkia: EFE.
Siziliako agenteak, 'Ocean Viking' ontzian zeuden pertsonak noiz irtengo zain. Argazkia: EFE.
Siziliako agenteak, 'Ocean Viking' ontzian zeuden pertsonak noiz irtengo zain Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SOS Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEen Ocean Viking ontzia Siziliako Messina portura iritsi da gaur, eta, hortaz, barruan zeuden 182 migratzaileak bertan lehorreratu dira, Italiako aginteek baimenduta; ontziak, aurrekoetan ez bezala, ez du izango baldintzarik barruan dauden pertsonak beste herrialde batzuetan kokatzeko.

Aurreko italiar Gobernuak portu itxien politikari ekin zionetik, Messinako portura ez zen migratzailerik heltzen; iraganean, aldiz, horiei harrera egiteko prest zegoen portuetakoa zen.

Ontzian, 182 migratzaile zeuden; hilaren 17an eta 18an egindako bi ekintzatan salbatu zituzten. Barruan zeuden artean, 14 adingabe doaz, 10 eguneko umetxo bat tartean.

Italiako Gobernu berriaren lehen baimena

Bost Izar Mugimenduak eta Alderdi Demokratak osatutako Italiako Gobernu berriak baldintzarik gabeko lehorreratzea baimendu du oraingo honetan, Ocean Viking ontziarentzat; hain zuzen ere, Matteo Salviniren Ligarekin hautsi ostean, koalizio Gobernu berri horrek lehen aldiz eman du horrelako baimen bat.

Hilaren 14an, Ocean Viking ontziak 82 migratzaile lehorreratu zituen Italian, bertako Kostaldeko Guardiak horien ardura hartuta; baina porturatu aurretik, hainbat herrialdek adostu zuten nola banatuko zituzten barruan zindoazen pertsona guztiak.

Oraingo baimena Italiako, Maltako, Alemaniako eta Frantziako Barne ministroek atzo Valletan (Malta) lortutako akordioaren ondorio da. Lau herrialdeek Mediterraneoko migrazio fluxuak kudeatzea adostu zuten, eta itun hori Europar Batasuneko estatu kideei helarazi eta horiekin eztabaidatuko dute Luxenburgon, urriaren 8an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Migrazioa Euskal Herria Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Errefuxiatuak albisteak gaur Giza eskubideak GKEen albisteak