Gizartea -
Gasteizen
Hegaluzea atoian zeramala atxilotu zuten gizonak ia tona bat garraiatu zuen ekainetik
Udaltzaingoak baieztatu duenez, ekainetik behin baino gehiagotan eraman zituen elikagai galkorrak txakurrak eramateko atoi batean.
eitb.eus
Gasteizko Udaltzaingoak ondorioztatu duenez, abuztuaren 21ean 9 hegaluze txakurrak eramateko atoi batetik atera eta arrandegi batera sartzen harrapatu zuten 64 urteko gizonak ia tona bat arrain garraiatu zuen ekainetik osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen baldintzetan: Arraina babesteko bilgarririk eta izotzik gabe eramaten zuen.
Gasteizko Udaltzaingoaren ikerketen arabera, ekainetik ari zen horretan. Orotara, 968 kilo arrain garraiatu zituen baldintza osasungaitzetan, beharrezko hozte-sistemarik gabe eta beharrezko higiene eta osasun baldintzak bete gabe; osasun publikorako arrisku argiarekin, beraz.
Udaltzaingoak Mercabilbao Bilboko handizkako azoka zentralaren laguntza izan du ikerketan, ikertuak bertan erosten baitzuen salgaia. Mercabilbaok segurtasun-kamerek hartutako irudiak eman dizkio Udaltzaingoari, eta grabazio horietan ikusi dute ekainaren hasieratik zenbatetan joan zen pertsona hori bere ibilgailuarekin eta atoiarekin bertara arrain bila.
Salmenta albaranak ere kontsultatu dituzte, erosketak egin zituen egunak eta erositako kopuruak (guztira, ia tona bat arrain) aztertzeko. Horrenbestez, abuztuaren 21eko gertaerak puntualak barik ohikoak zirela egiaztatu dute ikertzaileek.
Udaltzaingoak epaitegira bidali du informazio hori guztia, eta han erabaki beharko dute osasun publikoaren kontrako delitua den.
Elikagai galkorren arauz kanpoko garraioa
Abuztuaren 21ean, ikertuak 120 kilo hegaluze garraiatu zuen txakurrak eramateko atoian. Elikagai galkorrak garraiatzeko arauak bete gabe ari zela susmatuta, Udaltzaingoak zaintza-operazioa abiatu zuen, eta arraina deskargatzen ari zela harrapatu zuen.
Arraina ibilgailutik eta saltzekoa zen arrandegitik eraman ondoren, udal albaitari batek egiaztatu zuen hegaluzearen tenperatura 16 gradukoa zela. Baldintza egokienak izanez gero, 0-4 graduan garraiatu behar da. 15 gradutik gora harrapatuz gero, azkartu egiten da deskonposizioa, eta histamina sortzen da, intoxikazioak eragin ditzakeena.
Ebidentzia horien aurrean, albaitariak salgaia bahitu eta udal zabortegira eramateko agindua eman zuen, osasun publikorako arriskutsua zelako. Orobat, gertakari horien berri eman zioten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, salaketa administratiboa bidera zezan, hark baitu horretarako eskumena.