Gizartea -
Bilbo
Zea Mays eta Urko 'Fair Saturday 2019' ekimenaren hasiera ekitaldian izango dira
Bilbon sortutako egitasmo solidarioa da, kulturaren bidez munduko behartsuenen bizimodua hobetzea helburu duena. Irekiera ekitaldia azaroaren 29an egingo da, Bilboko Bilbao Arenan.
Agentziak | Erredakzioa
Zea Mays rock talde bilbotarra, Urko euskal kantautorea, eta Marta Urbieta eta Mikel Atxalandabaso abeslari lirikoak izango dira ‘Fair Saturday 2019’ ekimenaren hasiera ekitaldiko protagonista nagusiak. Ikuskizun horretan, Bizkaiko abesbatzetako kide diren milatik gora lagunek hartuko dute parte.
Egitasmo hau 2014an sortu zuten, Bilbon, ‘Black Friday’ hitzorduaren aurrean. Nazioarteko ehun hiritan ospatzen da jada. Aurten, ehun ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte, kulturaren bidez munduko behartsuenen bizimodua hobetzeko helburuarekin. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, azaroaren 30ean izango da hitzordua.
Ekimenaren hasiera ekitaldiko kontzertuan biltzen duten diru guztia gizarte gaiak babestea helburu duten proiektu edo erakundeetara bideratuko dute. Ildo horretatik, abesbatza bakoitzak gizarte-proiektu jakin bati egin ahal izango dio ekarpena.
‘Fair Saturday’ jaialdiaren irekiera ekitaldia azaroaren 29an egingo da, Bilboko Bilbao Arena pabiloian. Bertan, mila musikari eta abeslari baino gehiago bilduko dira, eta zinearen eta antzerki-musikalen inguruko abesti ezagun ugari kantatuko dituzte. Halaber, horiei Zea Mays rock taldearen arrakasten bertsio berriak eta Urkok abestutako euskal abesti herrikoiak gehituko zaizkie.
Bilboko Udal Musika Banda oholtza gainera igoko diren artistekin batera arituko da, Pascual Villaplana zuzendari titularraren zuzendaritzapean. Guztira, Bizkaiko 26 abesbatza eta 990 abeslari elkartuko dira kontzertu solidario horretan, besteak beste, Bilboko abesbatza, Ondarretako abesbatza (Getxo) eta Rossini abesbatza.
Eskoziatik, Bilboko ekimen kultural eta solidarioarekin bat egin duen munduko lehen eskualdeak, Mairi Campbell kantautoreak hartuko du parte hasiera ikuskizunean.
Antolatzaileek adierazi dutenez, ‘Fair Saturday’ "hizkuntza, kultura eta nazio ezberdinen arteko loturak ezartzen" laguntzen duen ekimena da, eta "kulturaren bidez mundua hobetzeko topagunea da, kulturak mundua aldatzen duelako".