Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Betiko kartzela-zigorra Asparrenan hilda agertutako emakumearen hiltzailearentzat

28 urteko emakumea 2018ko ekainaren 14an atera zen Alemaniako Leizpig hiritik eta haren gorpua ekainaren 22an aurkitu zuten Asparrenako gasolindegi baten ondoan.

Emakume alemaniarraren gorpua aurkitu zuten tokia, Asparrena. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Ertzainak, emakume alemaniarraren gorpua aurkitu zuten tokian, Asparrenan
Emakume alemaniarraren gorpua aurkitu zuten tokia, Asparrena. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako epaitegi batek betiko kartzela-zigorra ezarri dio Asparrenan (Araba) hilda agertu zen emakume alemaniarraren hiltzaileari, hots, hilketarekin zerikusia zuelakoan Jaenen atxilotutako kamioilari alemaniarrari. Emakumearen hilotza Asparrenako gasolindegi baten ondoan aurkitu zuten iazko ekainean, indarkeria zantzuekin.

Bayreuth hiriko Probintzia Auzitegiak ondorioztatu duenez, kamioilariak (42 urteko gizona) 28 urteko emakume alemaniarra kolpatu eta zauritu zuen eztabaida baten baitan eta, geroago, bigarren eraso batean, hil egin zuen. Akusazioak ere bat egin du epaimahaiaren kontaketarekin.

Emakumea autostop egiten ari zela, kamioilari batek hartu zuen Alemaniako Schkeuditz hiriko gasolindegi batean 2018ko ekainaren 14an. Biktimaren anaiaren arabera, gaztearen asmoa Nuremberg hirira joatea zen eta, handik, Ambergera, familia bisitatzera. Aitzitik, ez zen helmugara iritsi.

Hilotza astebete geroago agertu zen, ekainaren 21ean, Asparrenako gasolindegi batetik gertu.

Orain zigortutako kamioilari alemaniarra Espainiako Jaen hirian atxilotu zuten 2018ko ekainaren 22an, Alemaniako Poliziak igorritako euroaginduari erantzunez.

Epaiketan, fiskalak betiko kartzela-zigorra eskatu zuen akusatuarentzat, hilketa eta lesio larriak eragitea egotzita. Defentsak, bere aldetik, homizidioa izan zela defendatu zuen, emakumea lehen kolpean hil zela argudiatuta.

______________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak adin txikikoak Tratu txarrak Espainian Araba Delituak bideoak Alemania Epaiketak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako telefonoa Mundu matxista Erailketak