Gizartea -

Zubieta

Zubietako erraustegiaren ondoko bi fabrika martxan jarri dituzte proba moduan

Biometanizazio-fabrika eta zepak balioztatzeko fabrika dira, hurrenez hurren. Erraustegia guztiz amaituta eta hornituta dago, eta hilabete barru hasiko dira zaborrak erretzeko probak egiten.

Erraustegia urrian hasiko dira probatzen. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Erraustegia urrian hasiko dira probatzen. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Gipuzkoako biometanizazio plantak urtean 40.000 tona tratatzeko gaitasuna izango du

1:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zubietako erraustegiaren ondoko bi fabrika egunotan jarri dituzte martxan proba moduan, hondakinak erabiliz; hurrenez hurren, biometanizazio-fabrika eta zepak balioztatzeko fabrika dira. Erraustegia, bitartean, guztiz amaituta eta hornituta dago, eta hilabete barru, gutxi gorabehera hasiko da zaborrak erretzeko probak egiten.

Ondorioz, eta kontuan izanik uztailean hasi zela bete-beteko lanean tratamendu mekaniko-biologikoko fabrika, Gipuzkoako Ingurune Gunea izenekoaren lau azpiegiturak lanean ibiliko dira urteko amaierarako.

Horixe da Jose Ignacio Asensio Ingurumen foru ahaldunaren aurreikuspena, ostiral honetan komunikabideei esan dienez; izan ere, ahaldunak bisita egin dio Zubietako mendateetan dagoen gune berriaren bigarren fasearen lanei. Usurbilen eta Donostiaren artean dago kokatuta.

Ekonomia zirkularra

Asensiorekin batera, Cesar Gimeno eta Javier Cerezo izan dira, bisitan; Gimeno GHK partzuergoaren zuzendari nagusia da, eta Cerezo, proiektuaren zuzendari teknikoa bera, FCCkoa da (enpresa hori guneko zati hori eraikitzeaz eta ustiatzeaz arduratuko da, ondorengo 20 urteotan). Asensiok baieztatu duenez, “erremate batzuk kenduta”, proiektutako lau azpiegiturak, bai eta euren sarbideen urbanizazioa ere, amaiturik daude, eta hornidura instalatuta dute.

Gipuzkoa, hortaz, prest izango da hiri-hondakinekin "ekonomia zirkularra" egiteko, ahaldunak adierazi duenez; gogora ekarri du, gainera, lurraldeak, 2020ko hasieran, aukera izango duela zabortegiak erabiltzeari eta zaborra beste toki batzuetara eramateari uzteko.

Biometanizazio-fabrika duela egun batzuk hasi da jasotzen Gipuzkoako etxeetan egindako bilketa selektiboaren bidez hartutako hondakin organikoen kamioiak, eta, dagoeneko, 1.500 tona ditu pilatuta; horiek erabiliz, tanga zilindroko batzuk kargatzen hasiko dira, xede izanik 25 egun barru burututa egotea "digestio anaerobikoa" izenekoa.

Zepak balioztatzeko fabrikari dagokionez, 300 tona hondakin ditu jada; Zabalgarbi bizkaitar erraustegitik ekarri dituzte. Segituan hasiko dira probatzen tratamendu-prozesuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Albisteak Gipuzkoa EAE Gizartea Eguneko albisteak Usurbil bideoak Albisteak Ingurumena albisteak Larrialdi klimatikoa