Gizartea -
Zientzia
Ur lurruna atzeman dute bizitzarako egokia izan daitekeen exoplaneta baten atmosferan
Eguzki sistematik kanpo tenperatura egokia, atmosfera bat eta ura dituen planeta bakarra da hau, oraingoz. Horrenbestez, bizigarri izateko “orain arteko hautagairik onena” da.
Agentziak | Erredakzioa
Zientzialari talde batek lehen aldiz ur lurruna atzeman du Lurraren tamainako exoplaneta baten atmosferan, eta horrek bizitzarako egokia izateko “orain arteko hautagairik onena” bihurtzen du, Nature Astronomy aldizkariak asteazkenean argitaratutako ikerketa baten arabera.
Lurrarekin alderatuta, K2-18b exoplanetak zortzi aldiz masa handiagoa dauka, eta bere tamaina bi aldiz handiagoa da. 2015ean aurkitu zuten, eta atmosfera zabala duen planeta harritsua izan daiteke, edo bere barnean ur kopuru handia duen planeta izoztu bat.
Zehazki, Angelos Tsiaras buru duen University College Londoneko talde batek aztertu du K2-18b exoplaneta, espazioan dagoen Hubble teleskopioak lortutako datuak oinarri hartuta.
Zientzialariek igarotze-espektroskopia gisa ezagutzen den teknika erabili dute. Izan ere, horren bidez, planeta bere izarraren aurretik igarotzen denean atmosferaren bidez iragazten den argia aztertu daiteke, eta horrek aukera ematen du bidean utzitako elementu kimikoak aztertzeko.
Sistema horrekin, K2-18b planetaren atmosferan ur lurruna dagoela frogatu ahal izateko ebidentzia sendoak aurkitu dituzte ikertzaileek. Halaber, atmosferan hidrogeno kopuru handia egon daitekeela iradoki dute.
“Eguzki-sistematik kanpo ura edukitzeko tenperatura egokia, atmosfera bat eta ura dituen planeta bakarra da hau, oraingoz ez dugu besterik aurkitu. Horrenbestez, bizitzarako egokia izateko orain arteko hautagairik onena da”, adierazi du Tsiarasek ikerketaren nondik norakoak azaltzeko asmoz egindako agerraldi batean.
Hala, gasen konposizio zehatza oraindik zehazterik izan ez duten arren, ikertzaileen ustez planeta horren atmosferaren erdia inguru ura izan liteke.
Aztertutako exoplaneta honek Lurretik 110 argi-urteko distantziara dagoen izar nano gorri baten inguruan orbitatzen du, Leo konstelazioan.
Izarraren aktibitate-maila altua denez, planeta horretan gurean baino erradiazio gehiago egon daitekeela uste dute zientzialariek. Gauzak horrela, bizitzarako egokia izan arren, ingurumena konplexuagoa izan liteke.
Testuinguru horretan, datozen urteetan merkaturatuko dituzten teleskopio espazial berriekin honakoa bezalako planeta txikiak xehetasun handiagoz aztertzeko gai izatea espero dute ikertzaileek.
"Datozen bi hamarkadetan hau bezalako ‘superlur’ berri asko aurkitzea espero dugu, beraz, litekeena da bizigarriak izan daitezkeen beste planeta askoren lehen aurkikuntza izatea", adierazi du Ingo Waldmann ikerketa honetako kideak.