Gizartea -

Epaiketa

Biktimen testigantzekin hasi da Donostiako tatuatzailearen aurkako epaiketa

Fiskaltzak 21 urteko kartzela-zigorra eskatzen du akusatuarentzat, sexu-erasoak, gehiegikeriak eta jazarpena egotzita.

Akusaturen tatuaje-estudioa. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Akusaturen tatuaje-estudioa.
Akusaturen tatuaje-estudioa. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi da sexu-abusuengatik auzipetutako tatuatzailearen aurkako epaiketa Donostian. Lehendabiziko saioan biktimek -12 emakume- deklaratu dute. Akusatua bionbo baten atzean egon da, erasotzailea eta biktimak elkar ez ikusteko.  

Fiskaltzak 21 urte eta lau hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du gizonarentzat, sexu-erasoak, gehiegikeriak, jazarpena eta mehatxu delituak egotzita.

Lehendabizi kasua publikoki salatu zuen emakumeak eman du bere testigantza. 2018ko urtarrilean, Donostiako Iñigo kalean dagoen tatuajeak egiteko estudioan sexu-gehiegikeriak jasan zituela kontatu zuen Twitter sare sozialean eta salaketak oihartzun handia izan zuen. Mezu horren ondotik eman zuten salaketa jartzeko urratsa gainerako biktimek.

Gazteak epailearen aurrean azaldu duenez, lagunekin joan zen tatuaje bat egiteko asmoz akusatuaren estudiora. Bakarrik sartu zen establezimenduan. Gizonak esku-ohean etzateko esan zion eta hala egin zuen. Laster, “zilborra erakusteko” esan eta “eskua arropa azpitik” sartu zion. Halaber, “aldakatik heldu” eta “ipurdia ukitu” ostean, “indarkeriaz” beragana eraman zuen.  

Testuinguru horretan, erabat blokeatuta eta izututa geratu zela adierazi du. “Tatuajea egiten zidan bitartean, zakila nire eskuarekin igurzten zuen”, erantsi du. Berehala kendu zuen eskua eta une horretatik aurrera besoa altxatuta izan zuen. “Hasiera batean gertatutako gaizki ulertu nuela pentsatu nuen, baina gero nire intimitate sexuala jazarri egin zutela sentitu nuen”, zehaztu du.

Ordaindu eta lokaletik atera zenean, lagunekin taberna batera joan zen; “lasaitzea behar nuen”, gaineratu du. Etxera iristean, baina, egin ziotena Twitter bidez kontatzea erabaki zuen, “beste batzuei gauza bera ez gertatzeko”.  

Beste biktima batek ere hartu du hitza saio honetan. Kasu honetan, tatuatzailearen etxean gertatu zen erasoa, 2016ko udan. Garai hartan akusatuak ez zeukan lokalik eta horregatik joan zen haren etxera tatuajea egitera. “Kamiseta kentzeko eskatu zidan, beharrezkoa ez zela iruditu zitzaidan, baina haren bikotekideak normala zela eta neska guztiek egiten zutela esan zidan”, azaldu du.

Hori lehendabiziko saioan izan zen. Beste hainbat egunetan joan behar izan zuen akusatuaren etxera tatuajea amaitzeko. Egun horietako batean galdera “deserosoak” egin zizkion, besteak beste, mutil-lagunik bazeukan galdetu zion. Tatuajea egiten ari zitzaiola, “bero” zegoela esan zion, “eta nire eskua bere zakilean jarri zuen”. “Zoratuta zegoela eta askatzeko esan nion, garrasi egin nuen, baina berak jarraitu egin zuen”, kontatu du.

Ondoren, gizona gainera etorri zitzaiola eta musu ematen ahalegindu zela adierazi du. “Bultza egin nion, prakak jaitsi zituen eta masturbatzen hasi zen, gehiago aguantatu ezin zuela esanez”, erantsi du. Une horretan, bere gauzak hartu eta ihesi joan zen.  

Erasoaren ostean, tatuajea infektatu egin zitzaion eta medikuarengana joan zen, antsietateak jota. Medikuari gertatutakoa kontatu zion eta honek tratamendua jarri zion. Orduan ez zen salaketa jartzera ausartu, baina Twitterren beste biktima baten mezua ikusita, urratsa ematea erabaki zuela esan du.

Tatuaje hura bere semea gogoratzeko egin zuela, baina begiratzen zuen bakoitzean “zakil bat” ikusten zuela esan du negarrez eta erabat hunkituta.

Horrez gain, akusatua semearengana hurbiltzeko beldur dela azpimarratu du, “nor den eta bere ikastetxea zein den jakin badakielako”.  

Gainerako biktimen testigantzak ere ildo beretik joan dira.

Epaiketaren bigarren saioa ostegun honetan egingo dute. Akusatuaren txanda izango da.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Sexu erasoak