Gizartea -
Saria
Donostiako turismo eredu jasangarri eta berritzailea saritu dute San Petesburgon
Turismoa kudeatzeko eta sustatzeko lehentasunak ezartzen dituen "Love San Sebastian, Live Donostia" proiektua da sariduna, herritarrak eredu horren muinean jartzen dituena.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiak Gobernantza eta Politika Publikoetan berrikuntza eta jasangarritasunaren saria jaso du San Petesburgon, Nazio Batuen Turismoaren Munduko Erakundearen eskutik. Zehazki, hiriak turismo lehiakor, arduratsu eta jasangarriaren alde egiten duten lana aitortzen du sariak.
Udalak jakinarazi duenez, Donostian turismoa kudeatzeko eta sustatzeko lehentasunak ezartzen dituen "Love San Sebastian, Live Donostia" proiektua da sariduna. 2017-2021eko Turismo Gida-Planak "turismo jasangarria, orekatua, benetakoa eta kalitate handikoa bultzatzea du helburu, herritarrak hiriko turismoaren garapen ereduaren muinean jarriz".
Eneko Goia pozik agertu da saria irabazi ostean: "Mundu osoko turismo arloko erakunde gorenak emandako sariak Donostiatik egiten ari garen apustua onartu, babestu eta sendotu egiten du, nazioartean hazten ari den jarduera hau gure nortasun-ezaugarriak ez galtzeko eta urte osoan bizi diren donostiarrak zaintzeko ahalegina bateragarri egiteko modua bilatuz".
Donostiako alkateak adierazi duenez, "Udalak enplegua eta aberastasuna sortzeko iturri gisa ulertzen du turismoa, baina horrek ez digu galarazi behar jarduera honek donostiarrei kalte egin diezaiokeen ikuspegia galtzea".
Horregatik, bisitariek bertako herritarren bizimodua errespeta dezaten kontzientziatzeko bideak bilatzen ari dira udal arduradunak. "Donostiak eskuak zabalik hartu ditu beti bisitariak, baina errespetuz eta arduraz jokatzea garrantzitsua dela gogoratu nahi dugu, atsedenaren, garbitasunaren, garraio publikoaren edo tokiko hizkuntza eta ohituren errespetuaren aldeko bezalako mezuekin", esan du Goiak.