Gizartea -
Epaiketa
Majarenasen alaba sastatu zuen gizonak erasoa onartu du, eta 'presioak' zituela dio
Epaiketaren lehen saioan, gainera, bideokonferentziaz, Majarenasek ere deklaratu du, eta ezeztatu du bere senideek akusatuari inolako presiorik egitea.
EITB.EUS
Sara Majarenasen bikotekidea izan zen 52 gizonezkoak onartu egin du, Valentziako Auzitegian, 2017ko urtarrilean garai hartan bi urte eta erdi zituen bion alaba sastatu zuela; akusatuak deklaratu du garai hartako bere aita-amaginarrebek presioa egiten ziotela, umea hiltzen saia zedin. Haurrari bi sastada eman zizkion, baina bizirik irten zen, ospitalean hilabete baino gehiago emanda.
Akusatuak esan du damututa dagoela. Halaber, Sara Majarenas preso ohiak ere deklaratu du, bideokonferentziaz, Euskaditik, eta deitoratu du eraso hura bere bizitzako "amesgaiztoa" izan zela: "Mina eragin nahi izan zidan", argudiatu du.
Valentziako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak astearte honetan ekin dio akusatua epaitzeari. Gizonari egozten diote bi aldiz sastatu zuela bion alaba, Picassenteko kartzelan preso zegoen Majarenasekin telefonoz hizketan ari zela. Akusatuak esan zion azken horri adingabea “hiltzen ari zela”, nahiz eta azkenean ez zen hil.
"Senideek presioa egin zidaten hori gauzatzeko"
Epaiketaren lehen saioan, erasotzaileak bere abokatuaren galderei soilik eman die erantzuna, eta adierazi du, galdeketan, Majarenasen senideek mehatxatzen zutelako eta presioa egiten ziotelako egin zuela erasoa: "Senideek presioa egin zidaten delitu hori egiteko. Gaur ere pentsatzen ari naiz nola egin dudan. Segituan damutu egin nintzen", nabarmendu du. Azpimarratu ere azpimarratu du gertaerak onartu egiten dituela, baina aitortu du ez duela "ezer" gogoratzen.
Akusatua eta abokatua saiatu dira lotzen erasoa Majarenasen lotura politikoengatik, eta azken hori ETAko kidea izatearekin. Beste alde batetik, gizona ahalegindu da agerian uzten garai hartako bere bikotekidea zenarekin zuen harremana "beti izan zela ona, eta maitekorra". Berretsi du "maitasun kartsua" zuela, Majarenasekiko, eta horren ondorioz egin zuela.
Majarenasek balizko presioak ezeztatu du: "Oihu lazgarria entzun nuen"
Majarenasek lekuko gisa deklaratu du, bideokonferentziaz, eta azaldu du sei urtez izan zela akusatuaren bikotekidea; esan duenez, hasieratik izaten zuen gizonezkoak hira- eta oldarkortasun-atakeak, eta horiek hilabeteko edo bi hileko isiltasun-epeekin ordaindu egiten zituela: "Gerora, barkamen batekin amaitzen zen hura; ni saiatzen nintzen ikusarazten jarrera hori aldatu behar zuela. Horiek geroz eta maizagoak izaten ziren, ia astero. Etsaitasuna eta harrokeria sumatzen nituen", adierazi du.
Preso ohiak zehaztu du gizonezkoak deitu ziola, mehatxatzen, eta jarraian alabaren "oihu lazgarria" entzun zuela; uste duenez, une hartan bertan sastatu zuen aitak: "Isilunea izan zen. Berak zioen 'hiltzen ari da, hiltzen ari da'", kontatu du.
Gainera, argudiatu du bikotekide ohiak mina egin nahi ziola berari erasoarekin, eta ezeztatu du bere gurasoek inolako presiorik egitea gizonari: "Nire aitaren etxean bizi izan zen denboraldi batean, eta aitak ahal beste lagundu zion", nabarmendu du.
Majarenasen gurasoek bat egin dute alabak esandakoarekin, eta aitak gogora ekarri du suhi ohiak egin zion deia: "Deitu zidan, eta esan zidan umea eraila zuela. Uste dut esan zidala urtebetetzeko nire oparia zela".
______________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
BIDEOA | Alaba gehiago ez zuela ikusiko mehatxu egin ziola kontatu du Sara Majarenasek