Gizartea -
Drogaren kontrako operazioa
Nafarroan inoiz atzemandako barrualdeko marihuana sail handiena desegin dute
Hiru pertsona atxilotu eta beste bi auzipetu dituzte. Guztira, ia 6.000 marihuana landare konfiskatu dituzte Espainiako Poliziaren agenteek.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu eta beste bi auzipetu ditu Nafarroan inoiz atzemandako barrualdeko marihuana laborategi handiena desegin ostean. Guztira, 5.830 marihuana landara konfiskatu dituzte.
Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak foru erkidegoan duen ordezkariaren esanetan, sailaren arduradunak "ez ziren hasiberriak, oso ondo zekiten zertan ari ziren".
Francisco Lopez Canedo Espainiako Poliziaren buruak nabarmendu duenez, Iruñeko 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak zuzendu du operazioa. Atxiloketa gehiago egongo omen dira.
Laborategi sofistikatua
Laborategia bunker baten antzekoa zen, eta 400 metro koadroko pabiloi baten barruan eraikia zegoen, Iruñetik gertu. Hala, kanpoaldetik ezin ziren barrualdeko zarata, argi eta usainak atzeman. "Kanpotik ezin zen ezertxo ere igarri", azaldu du Canedo poliziaburuak. Ikertzaileen arabera, laborategia egiteko 60.000 euro erabili zituzten gaizkileek eta uztailean jarri zuten martxan.
Ura eta argindarra ez ordaintzeko, hiru metroko tunela egina zuten sare elektrikora eta suteak amatatzeko sarera lotzeko.
"Etenik gabe hazten zuten marihuana. Urtero lau uzta egin zitzaketen, 2,4-4 milioi euroko baliodunak", argitu du Francisco Lopez Canedok.
Atxilotutako hiru gizonak kartzelan daude. Taldearen buruzagiak aurrekariak ditu droga trafikoagatik. Beste bi gizonak egoera irregularrean zeuden Estatuan, eta laborategia zaintzeko ardura zuten. "Esplotazio egoeran zeuden, 100 euro kobratzen zituzten eta pabiloian bertan bizi ziren. Lo egiteko bi ohetxo zituzten, eta bizirik irauteko elikagaiak baino ez zituzten jasotzen".
Ikertutako bi pertsonak emakume bat eta Iruñeko gizonezko bat dira. Iruindarra Toledoko kartzelan dago beste auzi bategatik.