Gizartea -
Epaiketa
Sara Majarenasen alaba sastatu zuen gizonaren aurkako epaiketa hasi da
Erasotzaileak 2017ko urtarrilean eraso zion bion alabari. Umeak 2 urte eta 10 hilabete zituen orduan, eta 37 egun eman zituen ospitalean.
Agentziak | Erredakzioa
Valentziako Justizia Auzitegiak gaurtik aurrera epaituko du Sara Majarenas preso ohiaren bikotekide ohia (52 urte); izan ere, 2017ko urtarrilean bion alaba sastatu zuen, Benifaion (Valentzia). Fiskaltzak 30 urteko kartzela-zigorra eskatu du.
Fiskalaren idazkiaren arabera, auzipetuak aiztoa erabiliz eraso zion umeari (2 urte eta 10 hilabete zituen orduan), Majarenas Picassenteko kartzelan zegoela.
Aske, 2018ko apiriletik
Preso ohia iazko apirilean geratu zen aske; erasoa gertatu ostean, baina, bigarren gradua lortu zuen, alaba zaintzeko. Umea amarekin egoten zen astean zehar, modulu berezi batean, baina asteburuetan irteten zen, aitarekin egoteko.
Ministerio Publikoaren kontakizunaren arabera, akusatua Majarenasekin telefonoz eztabaidatzen ari zela, eztabaidaren erdian, sukaldeko bi aizto hartu zituen, eta adingabearengana joan zen. Umea beste gela batean zegoen, jolasten, eta ez zegoen elkarrizketari adi.
Ezer esan gabe, bi sastada eman zizkion, bata bizkarrean eta bestea ezkerreko saihetsetan, eta berriro ekin zion amarekin hitz egiteari. "Hiltzen ari da", esan zion.
Auzipetua Benifaioko Udaltzaingoaren polizia-etxera abiatu zen, egindakoaren berri emateko; lehenago, baina, Majarenasen aitari deitu zion, egin zuena kontatzeko eta "urtebetetzeko oparia" horixe zuela esateko.
37 egun ospitaleratuta
Umea bizirik irten zen, zauri larriak izan arren. Gibela, sabela eta birika bat izan zituen kalteturik, eta 37 egun eman behar izan zituen ospitalean. Ondorioz, traumaren osteko estresa eta antsietate-asaldura pairatzen ditu, eta, mediku-, psikologia- eta psikiatria-tratamenduak jasotzen ari da.
Fiskalak bi delitu egozten dizkio aitari: erailketa saiakuntza-graduan eta lesio psikikoak. Horiengatik 30 urteko kartzela-zigorra eskatu du, eta datozen 37 urteotan akusatua biktimarekiko bi kilometro baino gutxira gerturatu ezin izatea eta epe horretan debekatuta izatea Euskadin bizitzea. Horrez gain, guraso-agintea kentzea galdegin du.
Lesioak, ondorioak eta kalte moralak direla eta, biktimari 56.750 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du Fiskalak, eta 30.000 euro gehiago ardura zibilagatik eta 34.047 euro Generalitatearentzat, osasun-gastuak ordaintzeko.