Gizartea -
Epaiketa
30 urte eskatu dituzte Sara Majarenasen alaba sastatu zuen gizonarentzat
Gizonak, ETAko preso ohiaren bikotekide ohia bera, 2017ko urtarrilean eraso zion bion alabari. Umeak 2 urte eta 10 hilabete zituen orduan, eta 37 egun eman zituen ospitalean.
Agentziak | Erredakzioa
Valentziako Justizia Auzitegiak gaurtik aurrera epaituko du Sara Majarenas preso ohiaren bikotekide ohia (52 urte); izan ere, 2017ko urtarrilean bion alaba sastatu zuen, Benifaion (Valentzia). Fiskaltzak 30 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak.
Fiskalaren idazkiaren arabera, auzipetuak (jatorri etiopiarra du baina Greziako herritarra da) aiztoa erabiliz eraso zion umeari (2 urte eta 10 hilabete zituen orduan), Majarenas Picassenteko kartzelan zegoela.
Aske, 2018ko apiriletik
Preso ohia iazko apirilean geratu zen aske; erasoa gertatu ostean, baina, bigarren gradua lortu zuen, alaba zaintzeko. Umea amarekin egoten zen astean zehar, modulu berezi batean, baina asteburuetan irteten zen, aitarekin egoteko.
Ministerio Publikoaren kontakizunaren arabera, akusatua Majarenasekin telefonoz eztabaidatzen ari zela, eztabaidaren erdian, sukaldeko bi aizto hartu zituen, eta adingabearengana joan zen. Umea beste gela batean zegoen, jolasten, eta ez zegoen elkarrizketari adi.
Ezer esan gabe, bi sastada eman zizkion, bata bizkarrean eta bestea ezkerreko saihetsetan, eta berriro ekin zion amarekin hitz egiteari. "Hiltzen ari da", esan zion.
Auzipetua Benifaioko Udaltzaingoaren polizia-etxera abiatu zen, egindakoaren berri emateko; lehenago, baina, Majarenasen aitari deitu zion, egin zuena kontatzeko eta "urtebetetzeko oparia" horixe zuela esateko.
37 egun ospitaleratuta
Umea bizirik irten zen, zauri larriak izan arren. Gibela, sabela eta birika bat izan zituen kalteturik, eta, ondorioz, 37 egun eman zituen ospitalean. Dena den, traumaren osteko estresa eta antsietate-asaldura pairatzen ditu, eta, ondorioz, mediku-, psikologia- eta psikiatria-tratamendua jasotzen ari da.
Fiskalak bi delitu egozten dizkio: erailketa, saiakuntza-graduan, eta lesio psikikoak. Horiengatik, 30 urteko kartzela-zigorra eskatu du, eta datozen 37 urteotan akusatua biktimarekiko bi kilometrora (gutxienez) egotea, eta epe horretan debekatuta izatea Euskadin bizitzea. Horrez gain, guraso-agintea kentzea galdegin du.
Lesioak, ondorioak eta kalte moralak direla eta, biktimari 56.750 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du Fiskalak, eta 30.000 euro gehiago ardura zibilagatik eta 34.047 euro Generalitatearentzat, osasun-gastuak ordaintzeko.