Gizartea -
Euskotren
Atxuriko geralekua zerbitzutik kanpo geratu da, 137 urtez martxan egon ostean
Atxuri eta Bermeo lotzen dituzten trenek Matikon amaituko dute ibilbidea astelehen honetatik aurrera.
Agentziak | Erredakzioa
Igande gauean Bilbo-Bermeo linearen azken trena Atxuriko geltokira (Euskotren) heldu denean, ehun urtetik gorako geralekua zerbitzutik kanpo geratu da; izan ere, linea guztiak Matikora lekualdatu dituzte, metroarekin lotzeko (3. linea).
Atxuri eta Bermeo lotzen dituzten trenek Matikon amaituko dute ibilbidea astelehen honetatik aurrera. Geltoki zaharrera iristen zen linea bakarra zen; izan ere, gaur egun Donostiara doazen trenak Matikora iristen dira.
Lekualdatzearen ondorioz, Atxuriko geltokiak trenak hartzeari utziko dio, nahiz eta Euskotrenen instalazio eta bulego nagusiek bertan jarraitu.
Boluetako geralekuak ere ez du lanean jarraituko, konpainiak gogorarazi duenez.
Bidaiariak Bilboko erdialdearekin hobeto lotzeko aldatu dituzte geltokiak, konpainiak azaldu duenez.
Era berean, Zazpikaleetako geltokiaren bidez metroaren beste lineekin lotura erraztea nahi dute.
Atxuriko geltokia 1882an jarri zuten martxan, duela 137 urte, eta 1914tik euskal estiloko eraikin batean dago. Manuel Maria Smith arkitekto bilbotarrak egin zuen.
Herri bidaia
Bestalde, Atxuriko geltokia "pertsonei zerbitzua emateko ekipamendu" bihurtzea eskatu du Lokomotorak kolektiboak.
Talde horrek "azken bidaia" antolatu du goizean. 200 bat pertsonak parte hartu dute, musikak lagunduta eta jai giroan, Lokomotorakek jakitera eman duenez.
"Atxurik eta inguruko auzoek urteak eman dituzte lanean geltokia eremu publiko eta sozial bihurtzeko, auzoaren, Garcia Rivero ikastetxearen eta barrutiaren beharrizanak asetzeko", nabarmendu du.