Gizartea -
Gatazka
Ehiza larria arautzeko oinarrizko akordioa lortu dute Gipuzkoan
Gipuzkoako Ehiza Federazioak eta Foru Aldundiak idazketa prozesuan dagoen zirriborro bat adostu dute, eta hitzarmena datozen egunotan sinatuko dute.
eitb.eus
Gipuzkoan ehiza larria arautzeko oinarrizko lankidetza-akordioa lortu dute lurralde horretako Ehiza Federazioak eta Foru Aldundiak. Bi aldeek hitzarmen-zirriborro bat adostu dute, eta horren idazketa amaitzen ari dira orain, bai akordioaren edukiarena, eta baita lanerako metodologia zehaztuko duten eranskinena ere.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ostiral honetan eman du akordioaren berri, azken bileraren ondoren. Ildo horretatik, oraindik ere “gehiago landu beharreko arloak” zehaztu gabe gelditzen direla aitortu du Aldundiak, eta horiek garatzeko “elkarlanean” aritu beharko dira legealdian.
Dena dela, bi aldeak bat datoz beharrezkoa dela “lehenbailehen” ehiza uxaldiekin hastea, basurdeen eta orkatzen ugaritzeari aurre egiteko, eta espezie horiek landa ingurunean sortzen dituzten kalteak murrizteko.
Hitzarmen hori “datozen egunotan” sinatuko da, eta sinatu bezain laster emango da publikoki edukiaren berri.
Era berean, Aldundiak konpromisoa hartu du Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak Uliako ehizaren inguruan emandako epaia betearazteko, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak ezartzeko, dagokion foru aginduaren publikazioaren bitartez.