Gizartea -
Bilaketa
Blanca Fernandez Ochoaren gorpua topatu dute Madrilgo mendilerroan
Haren autoa inguruan topatu zuten, mendizaleentzat egokitutako aparkaleku batean. Abuztuaren 24an ikusi zuten azken aldiz.
Agentziak | Erredakzioa
Blanca Fernandez Ochoa aurkitzeko asmoz Cercedilla (Madril) inguruan lanean izan diren bilaketa taldeek haren gorpua topatu dute asteazken honetan, La Peñota mendian, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.
Eskiatzaile ohia bilatzeko laugarren egunean aurkitu dute haren hilotza, Madrilgo mendilerroko inguru horretan, EFE albiste-agentziak ikerketako iturriak aipatuta jakinarazi duenez.
Kirolaria Pozuelo de Alarconeko (Madril) supermerkatu batean ikusi zuten azken aldiz, joan den abuztuaren 24an.
Gorpua Segovia eta Madril arteko mugan dagoen La Peñota mendian topatu dute, eta aurkikuntzaren berri eman diete une horretan Dehesaseko aparkalekuaren koordinazio-gunean zeuden Blancaren senideei. Horren berri izan dutenean, bertatik joan dira.
Lanetik kanpo zegoen guardia zibil batek, 13:00ak aldera aurkitu du kirolariaren gorpua, bere txakurraren arrastoari jarraitu ostean. Orduan, emakumearen hilotza topatu duela jakinarazi die operatiboaren arduradunei, eta erreskate taldekoak berehala hurbildu dira lekura.
Haren autoa Madrilgo mendilerroan topatu zuten, mendizaleentzat egokitutako aparkaleku batean, La Peñota menditik bi ordu ingurura.
Orain, bere senideek haren gorpua identifikatu behar dute. Goizean, ingurua miatzen ibili dira, eta bilaketa taldeek aurkikuntzaren berri eman diete jada. Polizia Zientifikoa eta Hilketak eta Desagerpenak ikertzen dituzten agenteak lekura hurbildu dira. Hilotzaren altxamendu judizialaren ostean, auzitegiko medikuen egoitzara eraman beharko dute gorpua, autopsia egiteko.
Astebete baino gehiago zeraman hilda, lehen zantzuen arabera
Fernandez Ochoak astebete baino gehiago zeraman hilda, ikertzaileek egindako lehen azterketaren arabera, baina autopsia egin beharko diote heriotzaren arrazoiak zehazteko.
EFE albiste-agentziak ikerketa iturriak aipatuz jakitera eman duenez, gorpua usteltzen hasita zegoen jada.
Fernandez Ochoa azken aldiz ikusi eta hamaika egunera aurkitu dute haren gorpua.
Bere borondateaz alde egin duela uste dute
Espainiako Poliziak larunbatean jakinarazi zuen eskiatzaile ohiaren desagerpena, sare sozialen bidez. Fernandez Ochoa abuztuaren 24an ikusi zuten azken aldiz, Pozuelo de Alarconeko merkataritza-gune ezagun batean.
Emakume batek haren etxetik irteten ikusi zuen Fernandez Ochoa, mendian ibiltzeko bi bastoirekin. Gainera, supermerkatuan ikusi zutenean, 'trekking' egiteko arropa egokia zeraman. Senideei esan zienez, "iparraldean" lau egun igarotzeko asmoa zuen. Dena dela, ez zien ibilbidea zehaztu.
Bestalde, hurrengo eguneko 06:00ak aldera, korrikalari batek Dehesas de Cercedilla herriko aparkalekuan Blancaren autoa aurkitu zuen, eta, ondorioz, bilaketa ahalegin guztiak inguru horretan jarri zituzten, haren senideek bere desagerpena salatu ostean.
Hala, Cercedilla mendilerroaren inguruan (Madrilgo Erkidegoaren handiena) bilaketa dispositibo berezi bat abiatu zuten. Igandeaz geroztik, hamabi ibilbide ezberdin egin dituzte egunero, eta, bilaketa lanetan 300 lagunek baino gehiagok parte hartu dute, espezialisten (guardia zibilak, Espainiako Poliziak, udaltzainak, basozainak, suhiltzaileak eta babes zibileko kideak) eta boluntarioen artean.