Gizartea -

Hondarribiko Alardea

Alardearen gatazka 'elkarrizketa zintzoaren bidez' konponduko dela uste du Emakundek

Alarde tradizionalak eta Jaizkibel konpainiak elkarrizketa prozesu bat abiatzea onartu dute, 20 urtetik gora duen gatazkari irtenbidea emateko asmoz.

Jaizkibel konpainiak protesta eta irainen artean egin zuen desfilea. Artxiboko argazkia: EFE
Jaizkibel konpainiak protesta eta irainen artean egin zuen desfilea.
Jaizkibel konpainiak protesta eta irainen artean egin zuen desfilea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria baikor agertu da Hondarribiko Alardea osatzen duten konpainiek abiarazi duten elkarrizketa prozesuaren harira eta elkarrizketa horretatik "behin betiko konponbidea" iritsiko dela espero du.

Patriarkatuari buruzko ikerketa bat aurkezteko agerraldia egin du Gasteizen, eta prentsaurrekoan Hondarribiko Alardeari buruz galdetu diote Landaidari. Irailaren 8an ospatuko da eta betiko istiluak ekiditeko asmoz, Alarde Fundazioa eta Jaizkibel konpainia elkarrizketa prozesu batean sartu dira, Jenny Pearce bitartekariaren laguntzarekin.

Landaidak esan du tradizioak "testuinguru historiko jakin batean" sortzen direla eta, ondorioz, ezinbestekoa dela tradizio horiek "garai berrietara egokitzea", emakumeen eta gizonen eskubideak bermatzeko.

"Elkarrizketa prozesu hau ez doa tradizioaren kontra; alderantziz, tradizioa aberasten du emakume eta gizonei eskubide berdinak eskaintzen zaizkielako", erantsi du.

"Beti defendatu dugu emakumeen parte-hartzea eta 20 urte baino gehiago dituen gatazkari behin betiko konponbidea emateko elkarrizketa zintzoa eta sakona ezinbestekoa da", azpimarratu du.

Ildo horretan, Jenny Pearce bitartekariaren lana goraipatu du. Aurten hasi da bi aldeen arteko elkarrizketa sustatzen. "Dena ondo amaituko dela espero dugu", gaineratu du.

Hori bai, bi konpainien arteko elkarrizketa prozesua hastapenetan dagoela eta oraindik denbora gehiago beharko dutela ohartarazi du Landaidak.

Orain arte egindako saiakera guztiek huts egin dutela onartuta, Landaidak uste du bide berri honek "26 urteko gatazkari behin betiko konponbidea eman diezaiokeela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakunde Hondarribia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa