Gizartea -

Patriarkatua Euskadin

Patriarkatua maila eta egitura guztietan dago, Emakunderen ikerketa baten arabera

Ikerketak lau arlotan oinarritu da: harreman patriarkalak ordaindutako lanetan eta ordaindugabekoetan, ongizatearen erregimenean eta arlo sozio-politikoan.

Patriarkatua maila eta egitura guztietan dago, Emakunderen ikerketa baten arabera. Argazkia: EFE
Patriarkatua maila eta egitura guztietan dago, Emakunderen ikerketa baten arabera
Patriarkatuak eragin kaltegarria du emakumeentzat gizartearen arlo guztietan

1:25

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur egungo gizartean, patriarkatua maila eta egitura guztietan dagoela ondorioztatu du Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak aginduta egindako ikerketa batek.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta "Demokrazia patriarkala Euskal Autonomia Erkidegoan" ikerketaren egileetako batek, Jule Goikoetxeak, lan horren ildo nagusiak aurkeztu dituzte astearte honetan. Hain zuzen ere, Euskadin patriarkatua areagotzen duten mekanismoak, eta horiek emakumeen ongizatean, ahalduntzean eta demokratizazioan dituzten ondorioak ikertu dituzte.

Hain zuzen ere, lau arlotan oinarritu da ikerketa: harreman patriarkalak ordaindutako lanetan eta ordaindugabekoetan, ongizatearen erregimenean eta arlo sozio-politikoan.

Horietan guztietan kapital ekonomikoa, soziala, kulturala eta sinbolikoa emakumeen eta gizonen artean nola banatu den ikertu dute, genero ezberdintasunen berri izateko.

Ordaindutako lanean: aldi baterako enplegua emakumeentzat izan ohi da, ikasketen aukeraketan dagoen bereizketak lan banantzean ere bereizketa dakar, emakumezkoen lanpostuak gutxiesten ditu gizarteak, eta batzuen eta besteen soldaten arteko aldea handia da.

Ordaindugabeko lanean: zaintza lanak gutxiesten dira. Horregatik, sistema berriak ezartzeko premia eskatu dute, emakumeek eta gizonek arlo horretan dituzten erantzukizunak neurtu ahal izateko.

Ongizatearen erregimena: Sistema patriarkala areagotzen du, kasu askotan emakumeek doako lanak egiten dituztelako. Autonomo izatea proposatu dute trukean, bizitza duinagoa lortze aldera.

Arlo sozio-politikoa: Ardura edo botere handiagoa duten lanpostuetan egoteko emakumeek zailtasunak dituzte, eta sektoreka zein arloka ezberdintasunak daude, gizonezkoekin "lotutako" arloak baloratuago daudelako.

Bukatzeko, ikerketak argi utzi du gizonak ez direla garrantzi handiagoa duten jarduera edo lanetan ari, baina gizarteak balio handiagoa ematen diela lan edo jarduera horiei. Horregatik, "logika hori errotik aldatzea" proposatu dute ikerketaren egileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Emakunde Gizartea Eguneko albisteak Albisteak