Gizartea -
Hezkuntza
Ikasturte berriari ekin diote Seaskako ikastolek, 50. urteurrenean
Ipar Euskal Herrian, Frantziako Estatu osoan bezala, eskolak hasi dituzte ikastetxe guztiek. 30 irakasle gehiagorekin abiatu dute ikasturtea ikastolek.
Euskadi Irratia | eitb.eus
Gaur hasi dituzte eskolak Ipar Euskal Herriko ikastetxeek. Frantziako Hezkuntza ministerioaren zuzentarauari jarraiki, Estatuko ikastetxe guztiek ekin diote ikasturte berriari.
Ikasturte berezia izango da Seaskarentzat, 50 urte bete dituelako aurten. Ikasle kopuruak gora egiten jarraitzen du. 4.000 baino gehiago izango dira ikasturte honetan.
Ipar Euskal Herriko ikastolek 30 irakasle gehiago lortu dituzte, Frantziako Gobernuarekin akordioa kostata lortu ostean. "19 eta erdi Estatuak bere gain hartu ditu; beraz, 10 eta erdi gure gain hartuko ditugu. Horrela ziurtatu dezakegu gure ikasleek baldintza duinetan ikasi ahal dutela", azaldu du Ur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.
Gainera, Seaskaren 37. ikastola zabaldu dute, Ahetze eta Arbona artean, Lapurdin. 6 ikaslerekin hasi du ibilbidea.
Etorkizunari begira, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren helburua Frantziar Estatutik datozen ikasleak euskalduntzea da. Horretarako, erakundeen laguntza eskatu du Seaskak.
"Gaur egun ohartzen gara Ipar Euskal Herrian bitik bat kanpoan, Frantzian, sortu den herritarra dela. Horrek esan nahi du euskara ez dakien jendea heldu dela hona bizitzera, inolako sentsibilitaterik ez duena kultura mailan, eta horrek kezka eragiten du eta egiten dugun ahalegina biderkatu beharra ekartzen du", azaldu du Gorostiagak.