Gizartea -
Migrazioa
Uharteak husteko migratzaileak lekualdatuko eta deportatuko ditu Greziak
Kyriakos Mitsotakisen Gobernuak migrazio politika berria ezarri du. Beste neurrien artean, migratzaileek ezingo diete asilo eskaerei helegiterik jarri.
Agentziak | Erredakzioa
Greziako Gobernuak lehenengo urratsak eman ditu bere migrazio politika berrian: uharteetako kanpalekuak migratzaileez hustu nahi ditu kontinentera lekualdatuz, baina batez ere itsasoko kontrola eta deportazioak areagotuz.
Hartutako neurririk urgenteena humanitarioa da: uharteetan bakarrik dauden 116 adingabe Europar Batasuneko beste estatuetan dauden familiarrekin eramatea. Horretarako akordioak lotu ditu beste estatuekin.
Gobernuak esan duenez, hurrengo asteetan beste 250 ume kontinenteko harrera egituretara eramango dituzte.
Europar Batasunak eta Turkiak 2016an sinatutako protokoloak kontinentera soilik asilo eskaera onartua duten errefuxiatuak edo talde ahuletakoak (emakumeak, haurrak edo gaixoak) lekualdatzera baino ez du baimentzen. Hori da uharteetan migratzaile gehiegi egotearen arrazoietako bat.
Azken hilabeteetan gehiago iritsi dira, batez ere abuztuan, eta Mediterraneoan krisi berri bat egotearen beldur dira.
Kanpo ministerioak proposamen formala egin dio Ankarako Gobernuari, EBkin 2016an sinatu zuen protokoloa zorrozki bete dezan. Turkiak EBko lurraldeetara migratzailerik ez heltzeko egin ahal duen egitea aurreikusten du protokoloak.
Onartutako neurrien artean dago Turkiari asilo politikoa ukatu zaien pertsonak itzultzea.
Momentu honetatik aurrera, migratzaile bati asilo eskaera ukatzen badiote berehala eramango dute bere jatorrizko herrialdera, helegiterik jartzeko aukerarik gabe.
Mugetako zaintza handitzea ere adostu dute, Frontex, EBko beste estatuak eta NATOrekin lankidetzan, eta eskaerak ukatu zaizkien migratzaileak topatzeko polizia patruilak gehitzea, kanporatuak izan daitezen.
Migratzaileak, pilatuta uharteetan
Gaur egun, 20.000 pertsona daude Greziako uharteetan, 6.000 lagun hartzeko diseinatuta dauden instalazioetan.
Moria da, Lesbosen, kanpaleku kaltetuena. 10.000 pertsona pilatzen dira, kabitzen direnaren hirukoitza.
Urteak eman dituzte talde humanitarioek bizi baldintza okerrak dituen kanpalekuen egoera salatzen. Greziak, dei efektu bat saihesteko, nahita ez dituela hobetzen salatu dute.