Gizartea -
BIZKAIA
Gizon bat atxilotu dute Urduñan, beste bati aizkoraz eraso egiten saiatzeagatik
Kalean eztabaida bat izan ostean, 31 urteko gizona aizkora batekin itzuli zen tokira. Biktimak aulki bat erabili zuen babesteko.
EITB.EUS
Ertzaintzak 31 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Urduñan, aizkora batekin beste gizon bat erasotzen saiatzea egotzita.
Eraso saiakera 22:30 aldera gertatu zen Orruño kalean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Larrialdi zerbitzuetara deitu zuten, gizon bat aizkora batekin oinezkoak mehatxatzen ari zela esanez.
Bertaratu ziren agenteek eskuan aizkora bat zuen gizon bat ikusi zuten. Ertzainak ikusi zituenean, gizonak aizkora lurrera bota zuen.
Biktimak Ertzaintzari kontatutakoaren arabera, kalean eztabaida izan ostean erasotzailea aizkora batekin itzuli zen tokira eta gutxienez birritan bera jotzen ahalegindu zen. Hala ere, ez zuen bere helburua lortu. Izan ere, biktimak aulki bat erabili zuen babesteko.
Lekukoen testigantza jaso ostean, ertzainek 31 urteko gizona atxilotu zuten. Halaber, Ertzaintzak aizkora konfiskatu zuen.
Izapideak amaitutakoan, atxilotua gaur eramango dute epailearen aurrera.