Gizartea -
MIGRAZIOA
Urkulluk migratzaileei buruzko 'Share Proposamena' aurkeztu dio aita santuari
Gernikako Arbolaren bereizgarri bat entregatzeko aukera izan du Urkulluk Frantzisko aita santuari. Jarraian, Pietro Parolin Vatikanoko Estatu idazkariarekin bildu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakaria Vatikanoan dabil egunotan, eta asteazkenero Frantzisko aita santuak eskaini ohi duen entzunaldi publikoan parte hartu du gaurkoan. Ondoren, migratzaileak eta errefuxiatuak banatzeko Eusko Jaurlaritzak prestatutako Share Proposamena aurkeztu dio Pietro Parolin Vatikanoko Estatu idazkariari.
Aurrez, ordea, entzunaldi publikoaren amaieran, aita santua agurtzeko aukera izan du. Une horretan, Gernikako Arbolaren bereizgarri bat entregatzeko aukera izan du Urkulluk.
Ondoren, lehendakaria Pietro Parolin kardinalarekin batzartu da. 2017ko urtarrilean beste bilera bat egin zuen Vatikanoko diplomazia burua denarekin, kasu hartan, elkarbizitza eta giza eskubideen alorrean Eusko Jaurlaritzak dituen ildo nagusiak aurkezteko.
Urkulluk migratzaileak eta errefuxiatuak eta modu ordenatuan banatzeko Share Proposamenaren ildoak azaldu dizkio. Europako hainbat gobernuk izenpetutako proposamena da.
Testuinguru horretan, Vatikanoa Euskadirekin batera Europan errefuxiatuen harrerarako proposamenak lantzearen alde agertu da, Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Gauzak horrela, lehendakaria oso pozik agertu da gaurko topaketaren ostean egindako agerraldian. Izan ere, Garapen Lankidetzaren arloan eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei arreta eskaintzeko orduan, Eusko Jaurlaritzak elkarlanean egindako lana aurkezteko aukera izan du lehendakariak Erroman eta Vatikanoan.
Orain arte, Kanarietako, Nafarroako, Kataluniako, Melillako, Euskal Hirigune Elkargoko, Atticako, Akitania Berriko eta Eusko Jaurlaritzak parte hartu dute ekimenean. Migratzaileak eta errefuxiatuak banatzeko formula hiru parametrotan oinarritzen da: zerga bidezko diru-sarrerak (batez besteko errenta edo BPG), % 50eko eraginarekin; biztanleria, % 30eko eraginarekin; eta langabezia-tasa ,% 20ko eraginarekin.
Atzo, Erromara iritsi berritan, Eusko Jaurlaritzak elkarlanean egindako lana azaldu zion Urkulluk Maltako Ordenari.
Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera Vatikanoan dira Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia.
Share Proposamenean laguntzeko prest agertu da Vatikanoa
Iñigo Urkullu lehendakariak Vatikanoaren babesa jaso du asteazken honetan, Eusko Jaurlaritzaren Share Proposamena aurrera eramateko. Hain zuzen ere, ekimen horretan laguntzeko eta Euskadirekin batera Europan errefuxiatuak hartzeko planteamenduetan parte hartzeko konpromisoa hartu du.
Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Urkulluk nabarmendu du bat datozela etorkinak "hartzeko, babesteko eta integratzeko" egitasmoan.
Urkulluren esanetan, aita santuak "keinu esanguratsuak" egin ditu.