Gizartea -
Nafarroa
Trafiko liskar baten harira egindako erasoagatik 3 lagun atxilotu dituzte Mendabian
Hiru erasotzaileak biktimaren etxera joan ziren, mehatxu larriak eginez. Foruzaingoaren arabera, labanak eta burdinazko makilak zeramatzaten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lizarrako Foruzaingoak hiru gizon atxilotu ditu Mendabian, trafiko eztabaida bat dela medio, mehatxu larriak eta kalteak egin dituztelakoan.
Dirudienez, trafiko kontuak tarteko izandako liskarraren ondotik, hiru erasotzaileak biktimaren etxera joan ziren, mehatxu larriak eginez. Foruzaingoaren arabera, labanak eta burdinazko makilak zeramatzaten. Biktimak etxetik ateratzeko asmorik ez zuela ikusita, hiru gizonek azken horren autoari kalteak eragin zizkioten; karrozerian, kristaletan, leihoetan eta gurpiletan, hain zuzen ere.
Ondoren, Mendabiatik alde egiten saiatu ziren, baina abisua jaso eta batera hiru erasotzaileen atzetik abiatu ziren agenteak, eta hiru kilometrora harrapatu zituzten.
Ibilbide horretan, ibilgailu batetik burdinazko makila bat jaurti zutela ikusi zuten poliziek.
Behin autoa geldituta, barruan zer zeramaten miatzen ibili ziren foruzainak, eta egurrezko makilak (metalezko puntadunak, batzuk), aizto handi bat eta laban bat aurkitu zituzten.
Une horretan bertan atxilotu zituzten hirurak.