Gizartea -

Abuztuaren 24tik 26ra

Biarritz munduko boteretsuenen bileraren zain da, egungo erronka handiak aztertzeko

Mahai gainean klima-aldaketa, merkataritza librea edota Irango egoera politikoa jarriko dituzte, besteak beste. Kontra-gailurrak manifestazioa egingo du larunbat honetan, Hendaia eta Irun artean.

Biarritz prest dago jada G7aren goi-bilerari hasiera emateko. Argazkia: EFE
Biarritz prest dago jada G7aren goi-bilerari hasiera emateko.
Dena prest Biarritzen, G7aren goi-bilera hartzeko

1:56

Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan abiatuko da Biarritzen munduko zazpi herrialde boteretsuenetako estatuburuak bilduko dituen G7aren goi-bilera. Haien esku mundu osoko aberastasunaren % 58a dago, eta gaur egungo erronka handiei erantzuna emateko asmoz elkartuko dira. Zehazki, klima-aldaketa, desberdintasunaren aurkako borroka, brexit-a, bakea, Errusia, Irango egoera politikoa edota merkataritza librea dira abuztuaren 24tik 26ra bitartean mahai gainean jarriko dituzten gaiak.

Erronka horiei irtenbidea bilatzea da goi-bilera honen helburu nagusia, baina asteburu honetan jorratu behar dituzten gaien aniztasuna eta konplexutasuna dela eta, zaila izango da akordio bat lortzea, edo presidente guztiek testu bat adostea eta konpromiso bera hartzea.

Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidentea izango da bihar hasiko den hitzordu honetako anfitrioia. Dena dela, Alemania, Kanada, AEB, Italia, Japonia eta Erresuma Batuko bere homologoak ez dira bakarrik egongo. Izan ere, nazioarteko hainbat buruzagi gonbidatu dituzte goi-bilerara, hala nola, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea edo Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) ordezkariak.

Gauzak horrela, baliteke Emmanuel Macron (Frantzia), Angela Merkel (Alemania), Justin Trudeau (Kanada), Donald Trump (AEB), Giuseppe Conte (Italia), Shinzo Abe (Japonia) eta Boris Johnson (Erresuma Batua) hitzordua adierazpen bateraturik gabe amaitzea. Izan ere, herrialdeen arteko desadostasunak azaleratuko dituzten gai ugari jorratuko dituzte Biarritzen. Zazpi herrialdeetako estatuburuek iaz egin zuten bileran, Trumpek ez zuen goi-bileraren ostean egindako deklarazio bateratua babestu.

Testuinguru horretan, Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak bitartekari lanak egingo ditu; klima-aldaketarekin, merkataritzarekin edota Irango egoera politikoarekin lotutako gaietan aurreikusten diren desadostasunei begira akordio bat lortzeko helburuarekin. Abek Frantziako presidentearen proposamen nagusiak babestuko ditu, eta ahalik eta adostasun handiena lortzen ahaleginduko da.

Horretarako, Donald Trump AEBko presidentearekin duen harreman estua baliatu dezake Japoniako lehen ministroak. Protekzionismoa eta klima-aldaketa izango dira, batik bat, Trumpen eta G7ko beste buruzagien arteko desadostasunak agerian utziko dituzten gai nagusiak.

Bideoa | Baliteke Biarritzeko bilera izatea adierazpen bateraturik gabeko lehenengoa:

Baliteke Biarritzeko bilera izatea adierazpen bateraturik gabeko lehenengoa
Baliteke Biarritzeko bilera izatea adierazpen bateraturik gabeko lehenengoa
Baliteke Biarritzeko bilera izatea adierazpen bateraturik gabeko lehenengoa

1:25

G7aren goi-bilera honetan, hazkunde ekonomiko “indartsu, iraunkor, orekatu eta inklusibo” baten aldeko mezu bat zabaldu nahi du Frantziako Gobernuko presidenteak, munduko ekonomiari “mehatxu” egiten dioten gaur egungo erronkei aurre egiteko asmoz.

Gainera, Interneten irabazi asko dituztenek zergak ordaintzeari uko ez egiteko (irabaziak beste herrialde batean helbideratuz) neurriak hartu nahi ditu Frantziako presidenteak. Horrez gain, herrialdeen arteko zerga lehiari mugak jartzeko gutxieneko tasa bat adostu nahi du Macronek.

Astelehenean hitz egingo dute ingurumenaren inguruan, eta, Frantziak, ingurumen arloan dauden desberdintasunak murrizteko beharraz hitz egingo du. Hala, “bioaniztasuna eta ozeanoak babestea helburu duen trantsizio ekologiko justu bat” proposatuko du Macronek, klima-aldaketari aurre egiteko asmoz.

Bestalde, gerra komertzialaren distentsioa eta multilaterialismoa indartzea dira Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak G7aren goi-bileran egingo dituen proposamen nagusiak. Alabaina, Merkel eta Trumpen arteko elkarrizketak apurtuta daude, eta bere herrialdearen egoera ekonomikoarekin nahiko kezkatuta dago kantzilerra.

Astelehenean egindako agerraldi batean, "joera protekzionistek irabazi ez dezaten" esku hartzeko eskatu zuen Merkelek, eta "Estatu Batuekin, Txinarekin eta beste eskualdeekin" inolako "frikziorik gabeko" merkataritza bat adostea "denontzat" onuragarria izango litzatekeela ziurtatu zuen.

Bestalde, Estatu Batuetako Gobernuak abiatutako gerra komertzialaren kontra dagoela esango du enegarren aldiz Europar Batasunak (EB) G7aren goi-bileran, “areagotuz” joan den erasoa dela iritzita. Izan ere, erabaki horrek munduko potentzia boteretsuenen arteko adostasuna hautsi du, eta Europako ekonomiari gero eta gehiago eragiten ari dio.

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak ordezkatuko du Europar Batasuna (EB) Biarritzen, eta Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) erreforma batekin “konprometituta” dagoela berretsiko du. Halaber, bilera hori munduko gatazka konpondu behar diren hitzordua izan behar duela azpimarratuko du, "neurri protekzionistak edo merkataritza hesiak beharrezkotzat jo gabe".

Bideoa | Kontragailurrak bihar biziko du bere unerik gorenena, manifestazio jendetsu batekin:

G7ko gailurraren kontrako manifestazio jendetsua espero da larunbat honetan Hendaian
G7ko gailurraren kontrako manifestazio jendetsua espero da larunbat honetan Hendaian
G7ko gailurraren kontrako manifestazio jendetsua espero da larunbat honetan Hendaian

1:20

G7aren aurkako manifestazioa, Hendaian

Hitzordu horren aurrean, “beste mundu bat posible dela” aldarrikatzeko helburuarekin G7 EZ eta AlternativesG7 plataformek "kontragailurra" antolatu dute Irungo Ficoba azokan (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi).

Frantziako Gobernuak jarri dituen "oztopo guztien gainetik”, hitzaldiak eta bestelako ekintzak antolatzea lortu dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Besteak beste, eztabaida ugari egin dituzte Euskal Herriko, Frantziako eta nazioarteko gizarte mugimenduen ordezkariekin.

Halaber, Eñaut Aramendi G7 EZ plataformako bozeramaileak ziurtatu du G7 taldeak gaur egungo “krisi ekologiko, ekonomiko eta sozialaren ardura” duela. Arrazoi horregatik, irtenbidea kalean dagoela esan du, eta “beste eredu batzuk” sortzera doazela jakinarazi du.

Guardia Zibileko, Espainiako Poliziako eta Ertzaintzako 7.000 agente inguruk izango dute segurtasuna bermatzeko ardura

Horrez gain, plataformek manifestazioa deitu dute larunbat honetarako, Hendaian. Bi zutabe izango dira protestan, eta Santiago zubira arte helduko dira, Bidasoa ibaian.

Abuztuaren 25ean, "desobedientzia zibilerako deia" egin dute antolatzaileek. Elkarretaratzeak egingo dituzte Biarritzeko eta Bidarteko saihesbidean, baita Angelun eta Baionan ere. Azkenik, G7ari "ez laguntzeko" eskatu diete langileei, dendei eta enpresei.

Segurtasun dispositibo berezia

Testuinguru horretan, G7aren goi-bilerari jarraipena egingo dion segurtasun dispositibo berezia prestatu du Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, herritarren segurtasunean izan daitezkeen eraginak koordinatzeko, horri buruzko informazioa emateko eta jarraipena egiteko koordinazio mahai bat jarri du martxan Oiartzungo ertzan-etxean (Gipuzkoa).

Segurtasun sailburuak gogora ekarri duenez, G7aren goi-bilerarako 4.000 ertzain inguru izango dira lanean, plantillaren erdia baino gehiago, alegia. Ertzaintzaren unitate guztietako agenteek lan egingo dute. Ekitaldia mugatik oso gertu egingo denez, "logikoki Euskadin eragina izango du".

Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak azaldu duenez, Frantzian 13.200 polizia eta jendarme mobilizatuko dira. Horrez gain, bilerari begira erakutsitako babesa eskertu nahi izan die Espainiako agintariei, eta mehatxu terrorista bati, istilu publikoei edota eraso zibernetikoei aurre egite aldera 450 suhiltzaile baino gehiago deitu dira, eta baita larrialdi eta erreanimaziorako 13 talde mugikor ere.

Gainera, Espainiako Gobernuak "segurtasuna bermatzeko operatibo ezberdinak" prestatu ditu G7aren goi-bilerari eta “kontragailurrari” begira. Guztira, 1.878 guardia zibil eta Espainiako Poliziako 932 agente izango dira lanean. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak nabarmendu duenez, "ez da inprobisaziorik egongo".

Bideoa | G7rako segurtasun neurri guztiak prest ditu Biarritzek:

G7rako segurtasun neurri guztiak prest ditu Biarritzek
G7rako segurtasun neurri guztiak prest ditu Biarritzek
G7rako segurtasun neurri guztiak prest ditu Biarritzek

1:27

Aldaketak zirkulazioan

Segurtasun Sailak ohar bidez azpimarratu duenez, asteburu honetako hitzorduak bat egingo du udako itzulera operazioarekin. Arrazoi horregatik, Biriatuko ordainlekutik eguneko 30.000 ibilgailu inguru igarotzea aurreikusten da.

Hartutako neurrien artean hauek daude: zerbitzuguneetan eta nazioarteko igarobideko errepideetan informazio seinaleak areagotu dira, 90.000 informazio liburuxka prestatu dira, lau hizkuntzatan; eta modu koordinatuan lan egiten ari dira trafiko arina bermatzeko eta egoera horren eraginpean egon daitezkeen pertsonen segurtasuna bermatzeko.

Aldi berean, Trafiko Zuzendaritzak kanal bat ireki du garraio sektorearekin, ibilgailu astunen trafikorako murrizketen berri emateko. Horrez gain, erabiltzaileei zuzendutako telefono bidezko arreta zerbitzua (011) indartu du.

"Frantziako agintariek segurtasun kontrolak areagotuko dituzte eta, itzulera operazioaren ohiko murrizketez gain, murrizketa gehigarriak aplikatuko dizkiote garraio astunari", jakinarazi du Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.

Bestalde, Aragoiko Pirinioetatik Frantziarako bidean dagoen mugako pasabideetan zaintza kontrolak zorroztu dituzte Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak. Horrenbestez, edozein neurri hartuta ere, auto-ilara luzeak egongo direla ohartarazi dute.

Bideoa: Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren kontrol ugari Hondarribian eta Irunen:

Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren kontrol ugari Hondarribian eta Irunen
Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren kontrol ugari Hondarribian eta Irunen
Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren kontrol ugari Hondarribian eta Irunen

1:16
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Eusko Jaurlaritza Iparraldea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Erresuma Batua albisteak Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Alemania albisteak Frantzia Angela Merkel Biarritz Japonia bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump albisteak Italiako albisteak Frantziako presidentea azken ordukoa Kanada G7 goi-bilera Italian