Gizartea -
Aldaketak zirkulazioan
Lurraldebuseko hiru linea bertan behera utzi dituzte, G7aren goi-bilera dela eta
Herritarrei trena erabiltzea aholkatu diete. Izan ere, errepideetan sor daitezkeen trafiko-arazoek eragina izan dezakete gainerako linea batzuen ordutegian edota ibilbidean.
Agentziak | Erredakzioa
Lurraldebuseko hiru linea bertan behera utzi dituzte abuztuaren 23tik 26ra bitartean, Biarritzen egingo den G7aren goi-bilera dela eta. Gainera, errepideetan sor daitezkeen trafiko-arazoek eragina izan dezakete gainerako linea batzuen ordutegian edota ibilbidean, Lurraldebusek jakinarazi duenez.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar batean azaldu duenez, bereziki Donostia eta Irun arteko AP-8 autobidean sor daitezkeen zirkulazio-arazoak direla eta, Bidasoaldea eta Oarsoaldea eskualdeetako hainbat lineak euren ibilbidea normaltasunez garatzeko aukera izatea eragozten dute.
Zehazki, ondorengo hiru linea hauek dira bertan behera utzi dituztenak: E-21 (Hondarribiko Aireportua-Donostia), E-22 Hondarribia-Irun (Txingudi Merkatalgunea) eta E-28 Hondarribia (Ama Guadalupekoa) -Aireportua.
Arrazoi horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste linea batzuk erabiltzeko eskatu die herritarrei: E-20 (Hondarribia-Irun-Donostia Pasaia-Donostia), E-25 (Hondarribia-Irun); E-26 (Irun-Errenteria-Pasaia-Donostia) eta E-27 (Hondarribia-Irun-Errenteria-Donostia).
Testuinguru horretan, G7aren goi-bileraren ondorioz Gipuzkoako errepideetan sor daitezkeen trafiko-arazoek gainerako linea batzuen ordutegian edota ibilbidean eragin zuzena izan dezaketeela gogora ekarri du Lurraldebusek. Ondorioz, joan-etorrietarako trena erabiltzea aholkatu die herritarrei.