Gizartea -
sexu-erasoa
Bilboko talde bortxaketako bi akusatu identifikazio saio batean izan dira
Sei akusatuetatik bi gaur izan dira epaitegietan, baina biktimak ezin izan ditu identifikatu. Beste hiruk bihar joan beharko dute.
agentziak
Abuztuaren 1ean Etxebarria Parkean 18 urteko emakume bati taldekako bortxaketa dela eta ikerketapean dauden sei gizonezkoetatik bost identifikazio saio batera deitu dituzte gaur eta bihar, epaitegietatik Europa Press albiste agentziari adierazi diotenez.
Aipatutako iturrien arabera, identifikazio saioa Fiskaltzak eskatu du, Bilboko lau zenbakiko Instrukzio Epaitegian.
Akusatuetako bi gaur bertan igaro dira, baina biktimak ezin izan du baieztatu erasoan parte hartu zuten ala ez. Beste hirurak asteazkenean bertaratuko dira.
Identifikazio saiorako deituta zeuden figuranteak 11:00k aldera heldu dira. Aske badaezpadako neurriekin dauden lauetatik bat izan da epaitegian, baita preso dauden bietako bat ere. Azken hori ertzain batekin heldu da epaitegira, 11:25 aldera eta, ordubete inguru ondoren, epaitegietatik irten da.
Erasoaren ostean, 18 eta 36 urte bitarteko sei gizonezko atxilotu zituzten, bortxaketarekin zerikusia zutelakoan eta, gaur egun, bi espetxean daude eta beste laurak aske utzi zituzten karguekin.
Lau horiek aske utzi zituzten, baina egunero joan behar dute epaitegira sinatzera. Zalantzaren bat zabaldu zen lau horien parte-hartzearen inguruan, biktimak zehatz-mehatz deskribatu baitzituen bi erasotzaile, horietako batek hontz baten tatuajea duela, baina besteak ez zituen identifikatu.
Edonola ere, oraindik ez dituzte jaso DNA frogen emaitzak; horien arabera baieztatu ahal izango dute akusatuak bertan egon ote ziren.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.