Gizartea -

Migrazioa

Lampedusan lehorreratzea edo migratzaileak ontziz aldatzea eskatu du 'Open Arms'-ek

Espainiako Gobernuak Palma Mallorcako portuan edo Maokoan (Menorca) lehorreratzea eskaini dio ‘Open Arms’ ontziari, igande goizean Algecirasko portua baztertu ostean.

'Open Arms' ontzia. Argazkia: EiTB
Gizon bat, 'Open Arms'etik Italiako ontzi bati begira.
'Open Arms' ontzia. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Proactiva Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) baztertu egin du Algecirasko portuan (Cadiz) lehorreratzeko Espainiako Gobernuak igande honetan egin dion proposamena, aukera hori "ez dela bideragarria" iritzita. Izan ere, Algeciras gaur egungo kokalekutik sei egunera dagoela nabarmendu dute erakunde horretako iturriek.

'Open Arms' ontziko arduradunek esan dutenez, "kontroletik kanpo dago egoera", eta, Espainiara badoaz ezin izango dute 107 migratzaile horien segurtasuna bermatu. Arrazoi horregatik, Lampedusan lehorreratzea edo, bestela, migratzaileak beste ontzi batera eramatea eskatu diete agintariei, "bidaia azkarrago eta baldintza hobeekin egin ahal izateko".

Hala jasotzen du Algecirasko portua baztertu ostean ontzi horretako kapitainak Italiako agintariei bidali dien agiriak. Bestalde, Lampedusatik gertuen dagoen Espainiako portu batera joatea proposatu dio Espainiako Gobernuak erakundeari.

Exekutiboak proposamen berria egin du arratsaldean, Merkataritzako Ontzidiak bidali dituen bi jakinarazpenen bidez. Bidaian migratzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko “zer behar duen" galdetu dio Sanchezen gobernuak GKEari, eta Lampedusatik gertuen dauden Espainiako bi portu eskaini dizkio, Algeciraskoa baztertu ostean.

Zehazki, Palma Mallorcako portuan edo Maoko portuan (Menorca) lehorreratzea eskaini diote Espainiako eta Balearretako gobernuek ‘Open Arms’ ontziko arduradunei.

Espainiako Gobernuaren hasierako proposamena

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Algecirasko portua (Cadiz) eskaini du igande goizean ‘Open Arms’ ontzia lehorreratu ahal izateko, Matteo Salvini Italiako Barne ministroaren blokeoaren ostean. Izan ere, 107 migratzaile daude ontzian, eta 17 egun eman ditu Lampedusako kostaldetik gertu (Italia), portu seguru baten bila.

Espainiako presidenteak jakinarazi duenez, ontzian doazen migratzaileek bizi duten “muturreko egoeraren aurrean” hartu du erabakia. Ildo horretatik, Italiako agintarien eta, batez ere, Salviniren “erantzun ulertezina” salatu ditu Sanchezek, herrialde horretako portuak ixtea agindu ostean.

“Italiako agintariek bertako portu guztiak ixteko eman duten agindu ulertezinak eta, batez ere, Matteo Salvini Italiako Barne ministroaren erantzunak, berriro ere krisi humanitario honi aurre egitera eraman du Espainia”, adierazi du Sanchezen gobernuak ohar batean.

Testuinguru horretan, 'Open Arms' ontziarentzat Espainiako portuak ez direla “gertukoenak ezta seguruenak” ere nabarmendu du Espainiako Gobernuak, “ontziaren arduradunek beraiek egunotan errepikatu duten bezala”. Moncloak azaldu duenez, “uneotan Espainia da arazoari irtenbide bat emateko prest dagoen Europako herrialde bakarra".

“'Open Arms' ontzian dauden migratzaileen egoerak kezka handia sortu du hasieratik exekutiboan. Irtenbiderik onena adostea izan da Gobernuaren helburua, eta, ontzia lehorreratu ondoren, Europako sei herrialdek hartuko dituzte migratzaileak, Espainia barne”, esan du Espainiako Gobernuak.

"Egunotako gertaerek berriro erakusten dute migrazioaren erronkaren aurrean Europar Batasuneko herrialde guztiek irtenbide bat adostu behar dugula, modu ordenatuan eta solidarioan aurrera egiteko”, esan du exekutiboak.

"Open Armsen krisia konpontzea Europar Batasunaren sorrera bultzatu zuten aurrerapen eta humanismo balioekin lanean jarraitzeko balio behar du, Europar Batasunak munduan duen lidergo etikoa sendotuz”, gaineratu du Espainiako Gobernuak.

Migratzaile batzuk uretara salto egin dute

'Open Arms' ontzian zeuden lau migratzaile, gutxienez, uretara salto egin dute igande honetan, Lampedusa uhartera (Italia) igerian iristeko asmoz, Oscar Camps erakunde horren sortzaileak sare sozialetan zabaldutako bideo batean ikus daitekeenez.

Irudietan, migratzaileengana hurbildu diren sorosle batzuk ikus daitezke, Campsek azaldu duenez, migratzaileak “gelditzeko” asmoz egin dute.

"Duela egun batzuk esan genuen, etsipenak mugak ditu", azpimarratu du ontziari izena ematen dion erakundearen sortzaileak, eta, duela bi astetik, 'Open Arms' ontzian 107 migratzaile eta errefuxiatu daudela gogora ekarri du, portu seguru batean lehorreratzeko zain.

"Pertsona hauek berehala lehorreratu behar dira. Muturreko premia-egoeran gaude, eta ontzian dauden migratzaileak berehala lehorreratu behar dira. Hala izan behar dela dioten ebazpen judizial batzuk daude", azpimarratu du erakundeak, Algecirasko portua eskaini ostean.

Espainiako Gobernuak goizean egin du proposamena, Matteo Salvini Italiako Barne ministroaren "erantzun ulertezinaren aurrean". Alabaina, 'Open Arms' ontziko arduradunek uko egin diote Algecirasko portuan lehorreratzeari.

Open Arms ontziko migratzaileek itsasora salto egin dute Lampedusara heltzeko
Open Arms ontziko migratzaileek itsasora salto egin dute Lampedusara heltzeko
Open Arms ontziko migratzaileek itsasora salto egin dute Lampedusara heltzeko

0:51

Salvini pozik ageru da proposamenarekin

Bestalde, Matteo Salvini Italiako Barne ministroa pozik agertu da Espainiako Gobernuak egindako proposamenarekin. "Berri ona da. Amore ematen ez duenak garaitzen du. Denen aurka bakarrik nago (...). Espainiako Gobernuak portuak irekiko ditu", nabarmendu du Salvinik bere sare sozialetan argitaratutako bideo batean.

Italiako Barne ministroak herrialde horretako portuak itxi dizkio 'Open Arms' ontziari, eta ironia erabili du erakundeak erreskatatu dituen migratzaileen inguruan hitz egin duenean: "Salvini izugarri gaiztoa da, arrazista; gertaera guztien erantzulea da (...). Igande honetan, 'Open Arms' ontziaren mezu batekin esnatu naiz; eta Salvini lotsagarriari buruz hitz egiten dute hor”, esan du Salvinik.

"Nire herrialdearen segurtasuna defendatzeagatik kartzelan amaitu behar badut, harro egingo dut", esan du Italiako Barne ministroak eta Liga eskuin muturreko alderdiko buruak.

57 erreskatatu berri Lampedusan

Italiako kostazainek 57 pertsona erreskatatu dituzte Lampione uhartean, Lampedusako kostaldetik gertu, Italian. 'Open Arms'ek leku berean jarraitzen du blokeatuta, portu seguru baten bila 17 egun eman ostean. 107 migratzaile daude ontzian.

Erreskatatuak uhartera eraman dituzte, larunbat gauean. 'Open Arms'-etik ebakuatutako 27 adingabeak dauden leku berean daude.

Horien artean daude emakume haurdun bat eta antsietate krisi bat zuen ume bat.

Migratzaile gehienak Tunisiakoak dira, ANSA agentziaren arabera.

27 adingabe lehorreratu dituzte

Larunbat arratsaldean, Giuseppe Conte lehen ministroak presionatuta, Salvinik "bere gogoaren kontra" baimendu zuen 'Open Arms'-en abuztuaren 1etik zeuden 27 adingabe Lampedusan lehorreratzea.

Lurrera heldu eta identifikatuta izan ostean, horietako zortzik 18 urte baino gehiago dituztela adierazi zutela esan zuen Barne ministroak, 'Open Arms'-i datuak faltsutzea egotzita. Egera blokeatuta jarraitzen du, Italiako kostazainek migratzaileak lehorreratzeko arazorik ez zuela ikusten esan zuen arren, eta Italiako auzitegi batek Salvinik ezarritako lehorreratzeko debekua bertan behera utzi arren.

"17. eguna. Miserablea. Miserablea da 'izenik gabeko' 107 gizaki eta boluntario batzuk erabiltzen dituena propaganda xenofoboa eta arrazista egiteko bahituak bezala, beren sufrimenduaren kontura. Onartzen duten eta beren minaz barre egiten duten guztiak dira konplizeak", esan du erakundeak Twitterren.

Erreskatatuak bahitu bezala mantentzea leporatuz erantzun die Salvinik.

"17 egunean, Espainiako portu batera joan beharrean, 'jaun' hauek bahitu bezala mantentzen ari dira etorkinak (baita gaixo eta adingabe faltsuak ere), ni erasotzeko eta probokatzeko, ni et Italia. Ez didazue beldurrik ematen, sentitzen dut zuengatik. Ez dut etsiko", idatzi du Facebooken.

Legearen aurkako atxiloketa

Fernando Pamos de la Hoz abokatuak Matteo Salvini Italiako Barne ministroa salatu du Espainiako Fiskaltza Nagusian, 'Open Arms' ontzian dauden pertsonak legearen aurka atxilotzeagatik. Espainiako bandera dauka ontziak, eta 17 egun eman ditu portu baten bila.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Errefuxiatuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Zer gertatzen ari da Mediterraneoan?