Gizartea -

Bartzelonako atentatuak

2017ko atentatuetako biktimak isilik omendu dituzte Bartzelonan

Ekitaldian Udaleko, Generalitateko eta Espainiako Gobernuko ordezkariak izan dira. Senideek eskatuta, ez da diskurtsorik irakurri.

Lore eskaintza. Argazkia: EFE
Lore eskaintza.
Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuetako biktimei omenaldia egin diete

1:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Biktimen familiarrek eta Bartzelonako Udalaren, Kataluniako Generalitaten eta Espainiako Gobernuaren ordezkariek omenaldia egin diete 2017ko abuztuaren 17ko atentatuetan hildakoei. Bartzelonako Rambletan lore eskaintza egin dute, diskurtsorik gabe eta isilik, eta "El Cant dels Ocells" jo dute.

Atentatuak bigarren urteurrenean gogoratzeko ekitaldian, besteak beste, biktimen familiarrak, Quim Torra Generalitateko presidentea, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa eta Ada Colau Bartzelonako alkatea izan dira, Esquadra Mossoen, Espainiako Poliziaren eta Bartzelonako udaltzainen buruekin batera.

Ekitaldi labur, soil eta hunkigarri batean, agintariek eta hildako eta zaurituen senideek krabelin zuriak jarri dituzte Rambletako biktimen omenezko Miroren mosaikoan, Younes Abouyaaquobek atentatua egin zuen furgoneta gelditu zen tokian. Senideak oso hunkituta izan dira, eta batzuek "egia eskatzen dugu" eta "egiarako eskubidea daukagu" leloak zuten kamisetak jantzi dituzte.

Diskurtsorik gabe egin dituzte ekitaldiak, biktimek hala eskatuta. Isiltasuna biolontxelo batek baino ez du apurtu, Pau Casalsek konposatutako bakeari buruzko "El Cant dels Ocells" jo dutenean.

Lore eskaintzan parte hartu dutenen artean, talde batek pankarta bat erakutsi du, hurrengo leloarekin: "Islamak pertsona errugabeen hilketak irmoki gaitzesten ditu".

Ordezkari politikoen arteko kritikak

Colauk terrorismoen biktimen protokoloa berriz pentsatzea eskatu diete dagokien erakundeei: "Ez da egon behar bezalako erantzuna". Rac1 irratian egindako adierazpenetan, alkateak hasieran izandako erantzun "bikaina" azpimarratu du, baina gero gabeziak eman direla deitoratu du.

Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak atentatuen "puntu ilunak" argitzea eskatu du, eta biktimak eta tragediaren ostean lagundu zuten segurtasun eta osasun langileak izan ditu gogoan.

Twitterren, Puigdemontek esna du oraindik egitekoak daudela ,eta "estatu sekreturik gabeko batzorde parlamentario bat irekitzeko kazetaritza ikerketa baten frogak estaltzeko erabiltzen duten indar berdina erabiltzea" eskatu du.

Daniel Serrano Kataluniako PPko idazkari orokorrak atentatuari buruzko "konspirazio teoria paranoiko bat elikatzen laguntzea" leporatu dio Generalitati. "Ez da terrorismoaren kontra joateko modurik onena", esan du, eta biktimak ekintza politiko guztien erdigunean jartzea eskatu du.

Terrorismoaren kontra egiteko modua "batasuna" dela esan du Serranok, eta bere ustez, Quim Torra presidenteak ez du horrela jokatu.

Kataluniako Ciudadanoseko buruzagi Lorena Roldanen arabera, "egun tristea da demokraziarentzat", eta biktimei "batasuna, babesa eta elkartasuna" erakustea beharrezkoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona Espainiako Gobernua Atentatuak Gizartea Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak